Le Manseko 24 orduak irabazi dituen Porschea garatzen lagundu du Imanol Leizabek

Barren.eus 2015ko eka. 18a, 10:00

Nico Hülkenberg, Earl Bamber eta Nick Tandy hirukoak gidatutako Porsche 919 Hybrid autoak irabazi zuen Le Manseko 24 orduak auto lasterketa prestigiotsua, joan den domekan. Imanol Leizabe elgoibartarrak izan du zerikusirik Porsche etxeak lortutako arrakastan, kotxearen atal aerodinamikoa lantzen aritu baita.

1998 urteaz geroztk lortu duen lehen garaipena eskuratu zuen Porsche etxeak Le Manseko 24 orduak probaren 83. edizioan. Eta ez edozein modutan gainera, lehen eta bigarren postuetan sailkatu ziren-eta auto etxe alemaniarreko bi autoak. Alemaniako Niko Hülkenberg, Zeelanda Berriko Earl Bamber eta Ingalaterrako Nick Tandy hirukoak gidatutako Porsche 919 Hybrid autoak 395 itzuli eman zizkion 13.629 metroko zirkuituariBernhard, Webber eta Hartleyk gidatutako Porschea sailkatu zen bigarren postuan. Hirugarren postuan, berriz, azken bost lasterketak jarraian irabazi dituen Audi etxeko autoa (Audi R18 e-tron Quattro) sailkatu zen. 263.000 lagunetik gora batu ziren zirkuituan proba zuzenean ikusteko. 

1923az geroztik Frantziako Le Mans herritik hurbil dagoen Circuit de la Sarthe zirkuituan jokatzen da iraupen auto lasterketa entzutetsua. Probaren izenak ongi adierazten duen moduan, auto gidariek 24 orduz etenik gabe gidatu behar dute. 

• Imanol Leizaberen parte hartzea

Goi mailako aeronautika ingeniaria da Imanol Leizabe elgoibartarra. Urte eta erdi darama lanean Porsche Motorsport-eko LMP1 taldean, Stuttgarten (Alemania). Aerodinamikaren garapenaz arduratzen den lantaldean dihardu, hain zuzen ere. Honela azaldu digu Alemaniatik bere lana zein den: "Autoaren aurrealdean aritu naiz lanean, bereziki. Ordu dezente sartu ditut aurreko splitterra hobetzeko lanean, baina kotxeko beste hainbat atal hobetzen ere jardun dut. CFD (Computational Fluid Dynamics ) simulatzailea erabiliz aerodinamika garatzean datza nire lanak batik bat. Ideia berriak garatuz batzuetan eta sortuta daudenak hobetuz besteetan".

1 Formularako ere egin izan du lan Leizabek, Munichen (Alemania), autoen atal aerodinamikoa lantzen. Horrez gain, Lotus etxearentzat ere aritu da lanean, Le-Manserako autoa prestatzen. Besteak beste, Lotus T128, HRT F112 edota Citroen DS3 WRC autoetan egin du lan elgoibartarrak.

2015 06 17 imanolleizabeh1