Elgoibarko Udal Kirol Patronatua 4.300 abonatu izatera ailegatu da

Barren.eus 2019ko uzt. 22a, 12:47

Udal Kirol Patronatuaren abonatu kopurua 4.300era heldu dela egunotan jakitera eman du Elgoibarko Udalak. Elgoibarko biztanleen %39a Kirol Patronatuko bazkide dela nabarmendu dute.

Europako Kirolaren Herria izendapena ospatzen ari den urtean, kirolak Elgoibarren duen garrantzia adierazten duen abonatu kopurua dela nabarmendu du Elgoibarko Udalak. "Elgoibarren Kirolak duen garrantzia begi-bistakoa da baina nabarmentzekoa da Udal Kirol Patronatuko abonatu kopurua ere Gipuzkoako bataz bestekoa baino altuagoa dela", esan dute. 4.300 abonatu horien artean, 2.030 emakumezkoak dira eta 2.270 gizonezkoak. Adinari dagokionez abonatu kopuru handiena duen adin tartea 41-50 urte bitartekoa da (%24), hurrengoak 1-10 urte bitartekoa (%18) eta 11-20 urte bitartekoa (%17) izanik.
 • 1.123 ikasle ikastaroetan
Kirol ikastaroei buruzko datuak ere zabaldu ditu patronatuak. Guztira, 25 modalitatetako ikastaroak ematen ditu Udal Kirol Patronatuak, hilero 103 talde osatuz. 1123 ikaslek parte hartzen dute hilero ikastaro horietan, eta generoari erreparatuz gero, emakumezkoen parte hartzea handiagoa da gizonezkoena baino (emakumezkoak % 61a eta gizonezkoak %39a).
Eskola Kirolari dagokionez Elgoibarrek duen parte hartzea ere oso altua da. 2018-2019 ikasturtean Ikastolako eta Herri Eskolako, 6 eta 11 urte bitarteko, 444 haurrek parte hartu zuten Eskola Kiroleko programan.
 • 19 kirol elkarte eta 1.393 kirolari federatu
Kirol Federatuan 19 kirol elkarte eta 1.393 kirolari federatu daude Elgoibarren. Kirol instalazioen erabilera ere oso altua dela azpimarratu dute arduradunek; eta, instalazio publikoen artean herritarrek gehien erabiltzen dituztenak Olaizaga kiroldegia, Mintxeta eta IMH kiroldegia dira. Urte osoan, guztira, ia 1.000.000 erabiltze izaten dituzte aipaturiko hiru instalazioek. Mintxetako igerilekuak jarri dituzte adibidetzat. "Hilabete bat darama irekita Mintxetako igerilekuak, eta dagoenekoz 25.000 erabiltzaile izan ditu", esan dute.

2019 07 22 mintxeta igerilekua elgoibar uztaila 4 urparkea 1

∞Lotura duten albisteak: