June Loidik zazpigarren postua lortu du Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketan

Barren.eus 2019ko uzt. 22a, 11:07

Junior mailako emakumezkoen Europako Eskubaloi txapelketa amaitu zen atzo Hungarian. June Loidi elgoibartarra Espainiako eskubaloi selekzioarekin lehiatu da eta zazpigarren postua eskuratu zuten.

Etxeko taldeak, Hungariak, irabazi du Gyor hirian jokatu duten 19 urtez azpikoen Europako Eskubaloi Txapelketa. Atzo, hilak 21, jokatu zuten finalean Herbeheretako selekzioari gailendu zitzaion Hungaria, 27-20ko emaitzarekin. Hungariak hiru final galduta zituen 2002tik hona, eta estreinako Europako titulua eskuratu zuten atzo. 

Espainiako selekzioak ere atzo jokatu zuen txapelketako azken partida. Zazpigarren postua lortzeko borrokan Frantziako selekzioa izan zuten aurkari, eta, partida estua jokatu ostean, Espainiak gol bateko aldaz irabazi zuen partida (27-26). Honenbestez, zazpigarren postuan sailkatu da Espainia, 2009tik lortzen duten posturik onena. Imanol Alvarez hautatzailea pozik da Espainiak egindako lanaz. "Jokatu dugun bakoitzean lehiakorrak izan gara, eta ikasten jarraitzeko balio behar digu txapelketa honek. Ziur naiz denok garela pixka bat hobeak", adierazi du Alvarezek. June Loidik bigarren urtez jarraian jokatu du Europako Txapelketa bat. Iazko udan jubenil mailako Europako Txapelkta jokatu zuen Espainiarekin Polonian eta zortzigarren postuan sailkatu ziren.
Espainiak Austriari 33-22 irabazita hasi zuen Hungariako txapelketako lehen fasea. Bigarren partidan 21na berdindu zuten Montenegroren aurka eta lehen faseko azken partidan Hungariaren aurka jokatu zuten, txapelketa irabazi duen taldearen aurka. Nagusitasunez gailendu zen Hungaria 33-23ko emaitzarekin. Montenegrok Austriaren aurka galdu egin zuenez, Hungaria eta Espainia sailkatu ziren zortzi talde onenek jokatu zuten fase nagusira. Espainiak porrot batekin hasi zuten fase hori, Errumaniaren aurka 24-29 galduta. Bigarren partida erabakigarria zen finalerdietara sailkatzeko, baina Norvegiako talde indartsuak 23-21 irabazi zion Espainiako taldeari. Norvegiarrek lortu dute gero txapelketako brontzezko domina. 

2019 09 21 june loidi espainia europako txap hungaria

2019 09 21 june loidi espainia europako txap hungaria arg EHF

∞Lotura duten albisteak: