Collaradako igoera bertikal bikoitza irabazi du Maite Maiorak, bigarren urtez jarraian

Barren.eus 2019ko uzt. 15a, 10:08

Aragoiko pirinioetan jokatzen da 2KV Collarada mendi lasterketa. Igoera bertikalen artean berezia da, 2.016 metroko desnibel positiboa baitu, ohiko desnibelen bikoitza. Maite Maiora izan zen azkarrena Collarada mendira igo eta jaisten (Puyar y baxar). Eta igoera bakarrik kontutan hartzen den proban, "Puyar nomas" izenekoan, bigarren postua lortu zuen Ainhoa Lendinezek.

Huescako Villanua herritik irten eta Collarada mendira (2.886 metro) igo eta jaitsi ziren Collaradako igoera bertikal bikoitzean parte hartu zuten ehun parte hartzaileak, atzo. Emakumezkoetan Maite Maiora izan zen azkarrena, bigarren urtez jarraian -2013koa ere irabazi zuen-. Lizarpe taldeko antxitxikari mendaroarrak bi ordu, berrogei minutu eta segundo batean osatu zuen 17 kilometroko ibilbidea. Ez zuen ondu berak aurreko urtean ezarritako errekorra (2:34:20). Collarada gainera heldu zenean errekorra ontzea zaila izango zela ikusi zuen Maiorak eta jaitsieran ez arriskatzea erabaki zuen, jaitsiera arriskutsua delako eta arriskuak hartuta ere zaila ikusten zuelako marka hobetzea, probaren amaieran adierazi zuenez. Helmugan 50 minutuko aldea atera zion bigarren emakumezkoari, Ainhoa Jauregiri. Maite Maiorak iraupen luzeko mendi lasterketen aldeko apostua egin du aurten, baina Collaradako proba kuttunenen artean du eta ahal duen bitartean parte hartzeko asmoa duela dio. "Lasterketa ederra da, maite dut, eta beste lasterketekiko desberdina da gainera. Ezin ezetzik esan parte hartzeari". Aurten ezin dituela era honetako probetarako entrenamenduak egin aitortu du Maiorak. Lavaredo Ultra Trail 120 kilometroko proban hartu zuen parte orain hamabost egun, Italian, eta pare bat aste barru mendiko triatloi batean parte hartzekoa da. 

Gizonezkoetan, Asier Apexetxeak (2:2059) irabazi zuen 2KV Collarada. Edu Uribe elgoibartarrak ere hartu zuen parte eta 52. postuan sailkatu ze, 3:43:15ko denbora eginda. (sailkapenak)
 • Lendinez bigarren Puyar nomas modalitatean
Puyar nomas modalitatean, hau da, Villanuatik Collaradara igotzen, bigarren postua lortu zuen Ainhoa Lendinez elgoibartarrak, 1:58:11ko denbora eginda. Elgoibartarrak garaipena lortu zuen proba honetan, 2017ko edizioan. Virginia Perez izan zen emakumezkorik azkarrena, eta probako errekorra ondu zuen gainera, 1:42:15ko denbora eginda. Gizonezoetan Mikel Beunza gailendu zen, 1:27:49ko denborarekin.