Euskadiko Akuatloi txapelketa irabazita, Rio de Janeiroko Ironman erdia prestatzen hasia da Iñaki Konde

Barren.eus 2019ko uzt. 9a, 14:25

Getxoko III. Akuatloi proba irabazi zuen asteburuan Iñaki Kondek, bere adin tartean (60-69 urte), eta ondorioz, Euskadiko txapeldun berria da. Triatloilari elgoibartarrak denboraldirako bere buruari jarri dion helburu nagusia, baina, Rio de Janeiron egingo duten Ironman erdian parte hartu, eta Munduko Txapelketarako sailkatzea da.

Getxoko TKrono Triatloi Klubak eta Euskadiko Triatloi Federazioak antolatuta, Getxoko III. Akuatloia jokatu zuten zapatuan, uztailaren 6an. Triatloia eta duatloia dira nazioarteko federazioak ofizialtzat dituen modalitateak, baina horiez gainera badaude azpimodalitate batzuek, triatloi krosa, neguko triatloia edo kuadratloia, besteak beste, eta horiekin batera akuatloia. Antxitxika eta igerian egiten da proba honetan. Getxokoan, 2,5 kilometro saltaka, kilometro bat igerian eta 2,5 kilometro saltaka egin behar zuten, baina, uraren temperatura zela eta, frogaren formatoa aldatu zuten, eta atal bitan bakarrik lehiatu ziren, igerian eta oinezko lasterketan (1km – 5km). Areetako hondartzatik irten ziren parte hartzaileak eta Eguzkiñe Otegi eta Iñaki Loinaz izan ziren azkarrenak. Iñaki Konde (Elgoibar, 1951) bere adin tartekoen artean gailendu zen, 60 eta 70 nurte bitartekoetan. Euskadiko Akuatloi Txapelketa jokoan zegoenez, Konde da txapeldun berria. Elgoibarko Flow Kirol Kluba taldeko kidea da Konde.

2019 07 09 inaki konde euskadi txapeldi aquatloia getxo

 • Rio de Janeiroko Ironman erdia jomugan
Brasilen, Rio de Janeiro hirian, jokatuko den 70.3 half ironman (ironman erdia) triatloi proba da Iñaki Konderen denboraldiko helburu nagusia. Irailaren 22an jokatuko da. 1.900 metro igerian, 90 kilometro bizikletan eta 21 kilometro korrika egin beharko dituzte parte hartzaileek. Iñaki Kondek bere adin tarteko (65-69) lehen postua lortu nahi du, 2020an jokatuko den distantzia ertaineko Munduko triatloi txapelketarako sailkatzea lortuko bailuke. Taupon jokatuko da, Zeelanda Berrian. "Badakit ez dela lortzeko asmo erraza baina erronka polita da. 65 urteko triatloilari gazteagoen aurka lehiatuko naiz ni, 68 urterekin, eta gure adinean igartzen da adin batetik besterako aldea. Beherantz noa ni eta indartsu datoz atzetik. Bizilegea da", dio. Kondek 30 urtetik gora daramatza triatloiak egiten, hasierako ilusio berberarekin, baina gauzak asko aldatu direla dio. "Triatloiak egitea abentura bat modukoa zen guretzat kirola baino gehiago. Bukatzea bera zen saria. Orain, izugarria da jendea nola prestatzen den ikustea, eta helburuak ere beste batzuek dira gehienentzat". Prestaketaz gainera, materialak ere asko aldatu dira. "Bizikleta tradizionalarekin dabilen bakarra naizela uste dut, denek ere halaxe gogoratzen didatelako ikusten nauten bakoitzean. Bizikleta adardun horietako bat erosteko unea ailegatu zaidala uste dut", dio Kondek Rio de Janeiroko proba gogoan.
Dagoeneko hasia da Rioko lasterketa prestatzen. Asmo horretan, Bierzotriman triatloian hartu zuen parte, ekainaren 2an, Villafranca del Bierzon (Leon, Espainia) eta hirugarren postua lortu zuen, beteranoetan. Donostiako Triatloian ere lehiatu zen ekainaren 29an.
Hurrengo triatloia Valladoliden jokatuko du, abuztuaren 12an, Medina de Rioseco herrian.

∞Lotura duten albisteak: