Mendaroko giza proba taldeak Amorotokoaren aurka jokatuko du desafioa, 'Cuatrolatas'-etik tiraka

Barren.eus 2019ko uzt. 5a, 07:15

Amorotoko San Martin jaien barruan, desafio berezia jokatuko dute gaur arratsaldean Mendaroko giza proba taldeak eta Amorotoko herritarrek. Talde bakoitzak 'Cuatrolatas' kotxe bati tiraka Amoroton gora igo beharko dute.

"Taberna giroan sortu ohi diren desafioen antzekoa da. Mendaroarrek era honetako erronkak asko egiten dituzte, eta guk ere gurean talde bat sortu dugu propio", adierazi dute amorotoarrek Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzari emandako adierazpenetan. Lagunarteko desafioa izango dela nabarmendu dute, eta oroigarri sinboliko bat emango dietela irabazleari. Desafioaren ostean, elkarrekin afalduko dute bi taldeek. 18:30ean hasiko da desafioa. Amorotoko bidegurutzetik irtengo dira bi taldeak, batera, bakoitza auto bati lotuta. Amorotoraino igo beharko dituzte autoak  2,2 kilometroko igoeran. Mendaroarrek 2016an Lizarperaino tiraka igo zuten Renault L4 autoa erabiliko dute desafioan eta Amorotokoek ere auto modelo bera erabiliko dute, txuri kolorekoa baina.

Joan den uztailaren 3an hasi ziren Amorotoko San Martin jaiak. Ospe handia dute Amorotoko jaiek eta jende asko hurbiltzen da Bizkaiko herri txiki horretara. Antolatzen dituzten kontzertuek ere entzute handia dute, sasoiko musika talde arrakastatsuenek joten baitute Amorotoko frontoian. Gaur iluntzean Huntzak, Nikotinak eta Maconakek emango dituzte kontzertuak.
 • Jaietan plazarik plaza
Mendaroko giza proba taldea plazarik plaza dabil udan. Aurreko barixakuan, esaterako, Zarauzko kuadrila baten aurka neurtu zituzten indarrak Zarautzen, Inurritako jaien barruan antolatutako desafioan. Iaz ere izan ziren mendaroarrak erakustaldia ematen, eta Inurritako jai batzordekoei ekimena gustatu ztzaienez, taldea sortu eta desafioa jo zieten mendaroarrei, aurtengo jaietan ia zeinek irabazi. Hogei minutuan aritu ziren zortzi lagunez osatutako bi taldeak 500 kiloko harriari tiraka eta biek lortu zuten emaitza berbera: 68 plaza.
Aurreko domekan, berriz, Zaldibargo Eitzaga auzoan eman zuten erakustaldia Mendaroko giza proba taldekoek. Hogei minutuko saioan, bi tandatan, 79 plaza egin zituzten.

2019 07 05 zarautz inurrita mendaro giza proba taldea arg enara gallastegi

2019 07 05 zarautz mendaro giza proba taldea enara gallastegi

∞Lotura duten albisteak: