Hawaiiko ironmana jokatzeko sailkatu da Ibon Gabilondo Nizako ironmanean lortutako emaitzari esker

Barren.eus 2019ko uzt. 2a, 18:19

Nizako ironmanean lehiatu zen domekan Ibon Gabilondo triatloilari elgoibartarra, eta laugarren postua lortu zuen bere adin tartean. Emaitza horri esker, Hawaiin (AEB) jokatzen den ironman proba entzutetsuan parte hartzeko sailkatzea lortu du.

Bero sargoriak eta hezetasun handiak asko gogortu zuten France-Nice 2019 ironman proba. Hainbesteraino, antolatzaileek bizikletan eta korrika egin beharreko ibilbideak laburtu behar izan zituztela, Kosta Urdinean muturreko beroa egingo zuela ohartarazi baitzuten iragarpen meteorologikoek. Ironman probetan 180 kilometro egiten dituzte bizikletako zatian eta maratoi bat (42 kilometro) korrika eginda amaitzen dute distantzia luzeko triatloia. Nizakoan, baina, 153 kilometro bizikletan eta 30 kilometro antxitxika egin zituzten. Igerian egin beharreko distantzia mantendu egin zuten, eta 3,8 kilometro egin zituzten lehen proba horretan. Baldintza gogorretan lehiatu ziren arren, 2.294 triatoilarik amaitu zuen proba.
Ibon Gabilondok (Elgoibar, 1977) lasterketa aparta egin zuen eta bi ordu, 36 minutu eta 36 segundoan amaitu zuen lasterketa. Sailkapen nagusiko 47. postuan sailkatu zen, eta bere adin tarteko laugarren postuan. Gasteizko Vibike taldeko kidea da Gabilondo, Arabako hiriburuan bizi baita. Benoit Marcolini frantziarra izan zen azkarrena (2:15:36), 40 urtetik gorakoen mailan. Sailkapen nagusiari dagokionez, James Cunnama hegoafrikarra gizonezkoetan, eta Carrie Lester australiarra, emakumezkoetan, gailendu ziren Nizako proban.

 • Ironmanen artean ospetsuena, Hawaiikoa

Nizan lortutako emaitzari esker, Gabilondok Hawaiiko ironmana jokatzeko sailkatzea lortu du, edo beste modu batera esanda, distantziako munduko txapelketan lehiatzekoa. Distantzia luzeko triatloietan diharduten askoren ametsa da Konako irteeran egotea, baina gehienek inoiz ez dute han aritzeko aukerarik izango.
Hawaiiko ironmanaren 41. ekitaldia izango da aurtengoa eta urriaren 13an izango da. Estreinako edizioa 1978an jokatu zuten, AEBetako armadan aritzen ziren Judy eta John Collins bikotearen ekimenez. Hawaiin jokatzen ziren iraupen luzeko probarik gogorrenak eta luzeenak: igeriketakoa, saltakakoa eta txirrindularitzakoa, proba bakar batean batzea erabaki zuten, irabazlea ironman izendatzeko, alegia, burdinazko gizona. Waikikin egin zituzten lehen edizioak baina 1981az geroztik Konan egiten dituzte.

2019 06 30 niza triatloia ironman ibon gabilondo elgoibar hawaii domina 2019 06 30 niza triatloia ironman ibon gabilondo elgoibar hawaii domina sailkatzea

 ∞Lotura duten albisteak