Iberdrola Ligako defentsarik onena izendatu dute June Loidi

Barren.eus 2019ko uzt. 2a, 10:20

June Loidi elgoibartarrak zeresana eman du emakumeen eskubaloiko goreneko mailan egin duen aurreneko urtean, 18 urte besterik ez dituen arren. Espainiako eskubaloi selekzio nagusiarekin debuta egin eta gero Iberdrola Ligako defentsarik onena izendatu dute orain.

Iberdrola Ligako jokalari onenak aukeratu dituzte zaleek. Atzora arte zuten bozkatzeko aukera, eta Espainiako Eskubaloi Federazioak atzo arratsaldean eman zituen jakitera All Star Team edo izarren taldea osatuko duten zazpi jokalarien izenak eta banakako beste lau sarietarako boto gehien jaso dituzten jokalariak zein diren. June Loidi azken izendapen horietako bi jasotzeko hautagaien artean zegoen, defentsa onena eta jokalari gazte onena izateko hautagaia zen, hain zuzen ere.
Ligako defentsa onena izateko hiru hautagaien artean june Loidik jaso du boto gehien. Elisabet Cesáreo (Aula Alimentos de Valladolid) eta Nekane Terés (Super Amara Bera Bera) ziren beste hautagaiak.
Jokalari Gazte Onenaren saria, berriz, Helvetia Alcobendas taldeko Maria Palomok jaso zuen.
Ligako jokalari onenaren saria, MVPa, Rocasa Gran Canaria taldeko atezainak, Silvia Navarrok jaso du. Robert Cuesta (KH-7 Granollers) aukeratu dute entrenatzaile onena, bigarren urtez jarrian. Honako hauek dira izarren taldea osatzen duten zazpi jokalariak:

  • Renata Lais | Atezain onena
  • Emma Boada | zentral onena
  • Seynabou Mbengue | Eskuineko alboko onena
  • Giulia Guarieiro | Ezkerreko alboko onena
  • Paula Valdivia | Eskuineko hegaleko onena
  • Soledad López | Ezkerreko hegaleko onena
  • Ainhoa Hernández | Pibote onena

2019 07 02 june loidi zuazo barakaldo defentsa onenao iberdrola liga

∞Lotura duten albisteak: