Mayi Mujikak bosgarren egin du Grezian jokatu den Olympus Marathon mendi lasterketan

Barren.eus 2019ko eka. 30a, 11:27

Mendi lasterketetako Munduko Kopako zazpigarren proba jokatu zuten atzo, ekainak 29, Grezian. Dion hiritik abiatu eta Olinpo mendi mitikoa igo eta jaitsi zuten Olympus Marathon proban lehiatu ziren saltakariek. Euskal selekzioa ordezkatu zuen Mayi Mujikak bosgarren egin zuen.

Migu Run Skyrunner® World Series txapelketan lehiatzen dihardute aurten Euskal Herriko mendi lasterkarien selekzioko kideek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker. Mayi Mujika elgoibartarra da selekzioko kideeetako bat. Joan den apirilaren 21ean Munduko Kopako lehen proban, Japoniako Mt.Awa Skyrace lasterketan, parte hartzeko aukera izan zuen Mujikak. Atzokoa Munduko Kopako zazpigarrena izan zen, 44 kilometroko Olympus Marathon mendi lasterketa, maratoi probaren sorlekuan, Grezian.

 • Olimpo mendira igo eta jaitsi
Ibilbide berezia dauka Olympus Marathonek. Antzinako greziarrek Zeus jainkoa gurtzera Olinpo mendira urtero egiten zuten erromesaldia gogora ekartzen baitu. Izan ere, greziar mitologiak bertan kokatzen zituen jainko olinpikoak. Horrez gainera, Greziako mendirik garaiena ere bada Olinpo, 2.919 metrorekin. Itsasotik gertu dagoen Dion hiritik hasi zen proba eta Olinpo mendiraino igo ziren lehen 23 kilometroetan. Tontorretik helmugara arteko bidea, 21 kilometroko jaitsiera luze bat zen, Litochoron zegoen helmugara ailegatu arte.
 Emakumezkoetan, Elisa Desco italiarra izan zen azkarrena (5:14:18), eta probako errekorra ondu zuen gainera. Ragna Debats (5:15:54) herbereharra sailkatu zen bigarren, Anne-Lise Rouset (5:20:04) frantziarra hirugarren, Dimitra Bika (5:32:34) greziarra laugarren eta Mayi Mujikak lortu zuen bosgarren postua, bost ordu, 40 minutu eta 59 segundoko denbora eginda.
Gizonezkoetan Zaid Ait Malek gailendu zen, 4:31:47ko denbora eginda, Kiril Nikolov bulgariarraren aurretik (4:33:01). Emakumezkoen sailkapenean moduan, gizonezkoenean ere euskal selekzioko kide bat sailkatu zen bosgarren postuan, Julen Martinez De Estibaliz, hain justu ere.

Mayi Mujika 10. postuan dago Munduko Kopakoko sailkapen orokorrean, 26 punturekin. Maria Zorroza (30 puntu) eta Oihana Azkorbebeitia (36 puntu) antxitxikari euskaldunak ditu aurretik. Elisa Desco dago lider, 100 punturekin.

 • SkyMasters lasterketarako sailkatu da Mujika
Grezian lortutako emaitzari esker, SkyMasters lasterketan parte hartzeko sailkatzea lortu du Mayi Mujikak. 2019ko skyrrunner onenek bakarrik hartuko dute parte urriaren 19an Italian jokatuko den proban. Limone Sul Gardan jokatuko da 26 kilometroko proba. Estreinakoz antolatu dute denboraldiari amaiera emateko balioko duen final modukoa.

2019 06 29 olympus marathon grezia 10 emakumeak podium mayi mujika elgoibar

2019 06 29 olympus marathon grezia euskal selekzioa mayi mujika julenegaz elgoibar

2019 06 29 olympus marathon grezia euskal selekzioa mayi mujika elgoibar irteeran