Iñaki Diaz Limousin Kartoiak taldekoak irabazi du Javier Ezenarro Oroitzarrea

Barren.eus 2019ko eka. 29a, 19:14

Limousin Kartoiak taldeko Iñaki Diaz Melerok irabazi du Mendaroko Javier Ezenarro Oroitzarrea txirrindularitza lasterketa, esprintean. Gipuzkoako Txapelketako proba izan da aurten Mendaron gaur jokatu den lasterketa, eta berak jantzi du txapela.

Esprint gogorrean erabaki da lasterketa. Guztira, 85 kilometroko ibilbidea osatu du tropelak, Mendaroko Herriko Enparantzatik abiatu Arrasatera ostera egin, Lastur igo eta Itziartik bueltan Mendaron bukatzeko. Diaz Melero izan da tropeleko azkarrena esprintean. Bigarren Lizarte taldeko Mikel Retegi Goñi sailkatu da eta Loiu taldeko Iñigo Colinak egin du hirugarren. Mendiko sailkapena Donostiarra taldeko Jon Morillo Trinidadek irabazi du eta taldekakoan, Lizarte Ermitagaña izan da talderik onena. Lasterketa Mendaroko Txirrindulari Elkarteak antolatzen du urtero eta bertako presidente Ander Zulaikak eta Iñaki Arregi Mendaroko alkateak banatu dituzte sariak.