Eneko Egañak irabazi du estraineko Uztargi Xake Txapelketako liga, eta Arrate Iriondok, Kopa

Barren.eus 2019ko eka. 29a, 13:41

Atzo iluntzean jokatu zuten Eneko Egañak eta David Perezek estraineko Uztargi Xake Txapelketako ligako finala, eta Egaña nagusitu zen. Maila handiko partida izan zela jakinarazi dute antolatzaileek eta Perezek estu hartu zuela Egaña, baina aurkariaren hutsak ondo baliatzen jakin izan zuela bigarren horrek.

Gaur goizean, berriz, Kopako finala jokatu dute Arrate Iriondok eta Mikel Larrinagak. Iriondo aurretik joan da partida osoan, eta berak irabazi du finala.

2019 06 29 Uztargi Xake Txapelketako Kopako finalistak

 Mendaroko Xake Eskolak antolatu du txapelketa, Uztargi tabernaren babesean, eta antolatzaileak gustura agertu dira estraineko txapelketa honek izan duen jarraipenarekin. Parte hartzaile guztiei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek, bai eta Uztargi tabernako jabeari eta Edu Zubiaurreri ere, txapelketa jokatzeko lekua eskaintzegatik eta logistika kontuez arduratzeagatik aurrenekoari eta txapelketan zehar argazkilari lanak egiteagatik bigarrenari. Maila handiko partidak jokatu dituzte txapelketan zehar, eta beste horrenbeste gertatu da atzo eta gaur jokatu diren finaletan ere. Atzokoa, ligako finala, Egaña eta Perezen artekoa, txapelketako partidarik ikusgarrienetakoa izan zela zabaldu dute antolatzaileek. David Perezek abantaila handia hartu zuen hasieran eta eskura izan zuen garaipena, baina Eneko Egañak ondo baliatu zituen Perezen hutsak eta azkenean, bera izan zen garaile. Gaur, Kopako finalean, hasieratik nagusi izan da Arrate Iriondo eta xake mate eder batekin amaitu du partida. Aipagarria da, baina, Mikel Larrinagak erakutsi duen maila. 11 urterekin, txapelketako jokalaririk gazteena izan da Larrinaga, eta finalerainoko bidea egin du.