Boluntarioak behar dituzte zapatuan jokatuko den Jabier Ezenarro txirrindularitza lasterketarako

Barren.eus 2019ko eka. 26a, 11:34

Jabier Ezenarro Oroitzarrea txirrindularitza lasterketa jokatuko dute zapatuan Mendaron. Aurten, juniorren Gipuzkoako Txapelketako proba izango da, eta aldaketak izango dira ibilbidean. 85 kilometroko ibilbidea osatu beharko du tropelak, Mendaroko Herriko Enparantzatik abiatuta. Antolatzaileek boluntarioak eskatu dituzte bidegurutzeak zaintzeko.

Ohi baino astebete aurretik jokatuko da aurten Jabier Ezenarro Oroitzarrea, Gipuzkoako Txapelketako egutegiak hala eskatuta. Larunbatean, ekainak 29, izango da, 16:00etan hasita. Kilometroz iazkoaren parekoa izango da, baina ibilbidean aldaketa batzuk egin dituzte. Honako hau izango da ibilbidea: Mendaro-Arrasate-Mendaro-Sasiola-Lastur-Itziar-Deba-Mendaro. Ibilbidean egindako aldaketek boluntario gehiagoren behar izatea ekarri du, eta horregatik, Mendaroko Txirrindulari Elkartetik dei egin diete herritarrei eta txirrindularitza zaleei, zapatuan laguntzera agertzeko. Boluntario izateko prest daudenei antolatzaileekin harremanetan jartzeko eskatu diete, aurrez dena lotu ahal izateko. Horretarako mte.mendaro@hotmail.com helbidera idatzi daiteke (Facebook eta Twitter sare sozialetan ere badaude. MTE Mendaroko Txirrindulari Elkartea izenez)

Iazko lasterketan, Andoni Azkarate arrasatearra (Portabicis.com) gailendu zen esprintean, Xabier Isasak (Bellota-Goierri) egin zuen bigarren eta Miguel Arroyo txirrindulari mexikarra sailkatu zen hirugarren, lasterketa osoan ihesean ibili ostean.