Monte Rosa Skymarathon mendi lasterketa gogorra amaitu zuten Ainhoa Lendinezek eta Joseba Elustondok

Barren.eus 2019ko eka. 28a, 09:30

Mendebaldeko Europan altuera garainenean jokatzen den mendiko lasterketa da Monte Rosa Skymarathon. Monte Rosa mendiko tontorretako batera, 4554 metrotara, igotzen dira partaideak 35 kilometroko ibilbidearen barruan. Bikoteka jokatzen da eta Ainhoa Lendinezek eta Joseba Elustondok bederatzi orduan amaitzea lortu zuten.

Monte Rosa Skymarathon mendi lasterketa ikusgarriaren 25. ekitaldia jokatu zuten aurreko domekan, Italiako Alpeetan. Alagna Valsesia herritik abiatu ziren partaideak eta Monte Rosa mendiko tontorretako batean -Margherita Hut- dagoen txabolaraino igo behar zuten, 4554 metrotaraino, hasierako urteetako ibilbidea berreskuratu baitu aurten skyrunning modalitatearen oinarriak jarri zituen proba honek.

Ainhoa Lendinezek jakinarazi duenez, aspalditik zuen begiz jota proba hau, oso berezia iruditzen zitzaiolako. "Europa mendebaldeko garaiena delako, Alpeetan jokatzen delako eta gainera zaharrenetakoa delako. Binaka izateak ere bazeukan bere puntua. Lagun ona eta konfiantzazkoa aukeratu behar, ordea. Joseba (Elustondo) lagun mina da eta nik mendian dakidan apurra berari ikasia da. Proposatu nion elkarrekin egitea, eta baiezkoa eman zidan, kostata izan bazen ere, bera ez baita lasterketa zalea", azaldu du antxitxikari elgoibartarrak.
Parte hartzea kolokan izan zutela ere azaldu du Lendinezek, berari anemia diagnostikatu ziotelako eta Elustondok pare bat hilabetean kirolik egin gabe egon behar izan zuelako lesio batengatik. Azkenean joatea eta parte hartzea erabaki zuten. Altuerara egokitzeko eta inguru haietan dauden parajeetaz gozatzeko astebete lehenago joan ziren. barren.eus-eko komunitatean duen txokoan irakur dezakezue Lendinezek egin duen egunez eguneko kronika.

 • Lasterketa aurreko astea "askoz ederragoa"
"Aurreikuspenak betez, lasterketa aurreko aste osoa lasterketa bera baino askoz ederragoa izan da", dio. "Izugarrizko mendi ederretan ibili gara, Frantziako alpeetan lehenengo (Chamonixen Auguille de Velvedere) eta ondoren Italiako Alpeetan, Aostan, Mont Blancen beste aldean (Auguille de Marbrees eta Tour Ronde). Jende gutxi eta eguraldi izugarria. Paradisua. Kranpoiekin aristak egitea niretzat berria izan da eta izugarri gustatu zait", azaldu du Lendinezek.

 • Elurragatik egun bat atzeratu zuten lasterketa
Proba jokatu baino bi egun lehenago joan ziren Alagna herrira. Zapatuan zen jokatzekoa Monte Rosa Sky Marathon, baina elurra egin zuen mara-mara eta domekara atzeratu zuten. 35 kilometro eta 7.000 metroko desnibelari aurre egin zioten partaideek, bikoteka. Ibilbidean basoak, elurrez betetako aldapak, glaziarrak, korridore bat, sokarekin lotuta igaro beharreko pasarteak eta 4500 metrotako tontorrak pasa behar izan zituzten.
"Bagenekien ez geundela lasterketa hori egiteko sasoi punturik onenean, baina gure helburua emaitzea zen, eta gozatzea. Denbora mugak nahiko estu geratu zitzaizkigun, baina hala ere amaitzea lortu genuen, bederatzi orduan. Goraka indartsu ikusi nuen nire burua, baina 4200 metrora garaieraren gaitzak jo zidan eta erritmoa geldotu genuen. Joseba ni baino askoz gehiago da beheraka eta asko lagundu zidan, niretzat berria zelako elurretan korrika egitea". Lendinezek dio oporretako astea amaitzeko modu ezin hobea izan zela lasterketan parte hartzea. Lasterketa amaitu eta dutxa hartu ostean, etxera bueltatu ziren zuzenean, autoan hamahiru orduko bidea egin eta gero. "Kasik gaupasa eginda bueltatu ginen lanera, baina pozik! Ea nekea berreskuratzen dugun Nahaste Borrasterako".

2019 06 28 monterosa skymarathon lendinez elustondo fotografia di montagna

2019 06 28 monterosa skymarathon lendinez elustondo fotografia di montagna 2