Zartako arkularientzat Euskadiko txapelketako lehen hiru postuak, basoko 3D modalitatean

Barren.eus 2019ko eka. 26a, 07:03

Euskadiko Basoko Arku Tiraketa Txapelketa jokatu zuten, ekainaren 23an, Amurrion, eta Zartako arkulariek emaitza apartak lortu zituzten arku tradizionalen kategorian, lehen hiru postuak eskuratu baitzituzten.

Javier Varonak irabazi zuen Euskadiko txapelketa, Hugo Sierrak lortu zuen bigarren postua eta Rafael Segik hirugarrena. Zartakoek emaitza bikainak lortu dituzte azken urteetan modalitate honetan. Javier Varonak tituluari eutsi dio aurten, iaz ere bera gailendu baitzen, eta duela bi urte Hugo Sierrak irabazi zuen titulua.
Euskadiko Arku-Tiro Federazioak, Amurrio Arku Kirol Taldeak eta Aurrera klubak Amurrion dagoen Izarza gorosti-basoan prestatu zuten ibilbidean lehiatu ziren arkulariak. Bolumetrika deitzen dieten poliespanezko animalia batzuei egiten diete tiro arku tiro modalitate honetan. 3Dko animalia horiek bi zirkulu edukitzen dituzte marraztuta; bat handia eta bestea txikia. Txikiari emanez gero, animalia hil dela esan nahi du eta 10 puntu lortzen dira. Zirkulu handiari emanez gero, zauritu egin da eta 8 puntu eskuratzen dira. Zirkuluetatik kanpo, baina animaliari emanez gero, 5 puntu eta kale eginez gero, 0 puntu.
Euskadiko txapelketan 24 tiro-postuko ibilbidean lehiatu ziren. Bolumetrika bakoitzari bi gezi botatzen dizkiote.