Kirolak hartuko du Elgoibar zapatuan, Europako Kirolaren Herria dela ospatzeko

Barren.eus 2019ko eka. 18a, 11:34

“Elgoibar Europako Kirolaren Herria 2019” izendapena ospatzeko 70 kirol ekintza inguru antolatu ditu Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak urte guztirako. Festa nagusia, baina, zapatu honetan, ekainaren 22an, izango da. Herriko kirol talde eta eragile desberdinekin elkarlanean antolatutako egun berezia izango dela aurreratu dute, egitaraua aurkeztearekin batera.

Kirolak hartuko du Elgoibar zapatuan, Elgoibar Europako Kirolaren Herria 2019 Kirol Festa ospatzeko. Elgoibarren dauden kirol taldeek euren kirola erakutsiko dute herriko hainbat gunetan: Kalegoen plazan, Maalan, Lekueder parkean, udaletxeko zein elizako arkupeetan, Kalebarren plazan, Olaizaga kiroldegian, IMH kiroldegian, Kultur Etxeko Sotoan eta Ikastolako frontoian. 10:00etatik 14:00etara izango da festa.
Eguraldi txarra egingo balu, kaleko jarduera guztiak Olaizagara, IMHra, Ikastolako Frontoira eta Maalara eramango dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Krosa mantenduko egingo litzateke, 13:00etan, Kalegoen plazan.

 

 • Krosa herriko kaleetan

Kalegoen plazan bi jarduera egingo dituzte, udaletxe parean eta frontoian (eskubaloia-tenisa 11:30ak arte eta futbola-pilota 13:00ak arte).
13:00etan Krosa jokatuko dute erdiguneko kaleetan. Honakoa izango da ibilbidea: Kalegoen plaza, Santa Ana, Antonio Arrillaga, San Inazio, Kalegoen plaza, San Bartolome, Pedro Miguel Urruzuno, Lorito, San Frantzisko, Kalebarren plaza, Errosario eta Kalegoen plaza. Aurretik bizikleta bat joango da eta baita bandera ere, proba ez baita lehiakorra izango, partaidetza bultzatu nahi dute. Lasterketan parte hartzen duten guztiei Europako Kirolaren Herriaren kamiseta emango diete, kamiseta horrekin antxitxika egitera animatuz.
 • Rokodromoa eta arku tiraketa arkupeetan
Morkaiko mendi taldeak rokodromo txiki bat prestatuko du udaletxeko arkupeetan. Elizako arkupeetan (Lekuederrera ematen duen aldean), berriz Zarta Arku Tiraketa elkartekoek arku tiraketa antolatu dute. Hesiekin itxiko dute gune hori.
 • Herri-kirol erakustaldia
Lekuederren futbola eta eskubaloia egongo da. Kultur Etxe parean, Herri Kirolen erakustaldi bat ere izango da. Aizkolariak (Alex Txikon, Ernesto Ezpeleta Bihurri eta Hodei Ostolaza besteak beste), harrijasotzaileak (Joseba Ostolaza, Udane Ostolaza...), txingak, ingudea... izango dira. Eta Gabi parean xakea egongo da. Eguraldi txarra balego, Herri Kirolak Maalan egingo dituzte eta xakea Kultur Etxeko sotoan.
Maalan Elgoibarko Lagun Taldeak ginkana antolatu du, gero Olaizaga Kirol Taldeak karatea eta Patronatuko jarduerekin bukatuko dituzte Maalako kirol jarduerak (Elgoibar Sasoian jarduera fisikoa, zumba eta aerobika).

2019 06 18 2019 02 05 elgoibar kirolaren europako herri 2019 egitaraua aurkezpena m