Itxaso Onsalo eta Leire Astiazaran gailendu dira Euskadiko Trontza Txapelketan

Barren.eus 2019ko eka. 15a, 19:54

Emakumezkoen Euskadiko Trontza Txapelketa jokatu dute eguerdian Kalegoen plazan eta Itxaso Onsalok eta Leire Astiazaranek osatutako bikotea gailendu da. Harri-jasotzaile erakustaldia ere eman dute Idoia Etxeberriak eta Karmele Gisasolak.

Etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 10 epai ebagi behar zituzten Euskadiko txapelketan lehiatu diren hiru bikoteek, eta Itxaso Onsalo aresoarra eta Leire Astiazaran villabonarra izan dira azkarrenak lanak amaitzen. Lau minutu eta 42 segundoan moztu dituzte hamar epaiak. Hamahiru segundo gehiago behar izan dituzte Ainhoa eta Maria Iraizoz ahizpek (4:55). Ainitze Perez eta Iraitz Idoeta bikote bizkaitarra sailkatu da hirugarren postuan, 6:49ko denborarekin.
 • Idoia Etxeberriari omenaldia
Trontza txapelketa hasi aurretik, Idoia Etxeberria eta Karmele Gisasola harri-jasotzaileek erakustaldia eman dute harri desberdinekin. Antolatzaileek Idoia Etxeberriari (Orio, 1992) omenaldi txiki bat egiteko baliatu dute herri kirol jaialdia. Arazo fisiko batzuen ondorioz, hamabi urteko ibilbide oparoari agur esan eta erretiroa hartzea erabaki du Orioko harri-jasotzaileak. Indarra soberan duela erretiratuko dela erakutsi du gaur harriekin egin duen lanean, eta baita agurrean ere, 100 kiloko bola sorbaldan hartuta hara eta hona ibili baita plazan, harria lurrean laga gabe ikusleak agurtzen eta haietako batzuei eskua ematen ere bai. Lora sorta bat eta oroigarria eman dio Joseba Arrizabalagak, Sigmako Probaleku Elkarteko ordezkariak.

2019 06 15 trontza txapelketa euskadi trinitateak elgoibar txapeldunak barren