Uztarri motzeko idi demak jokatuko dituzte estreinakoz Sigmako probalekuan

Barren.eus 2019ko eka. 12a, 08:45

Uztarri Motzeko Trinitateetako I. Saria idi proba txapelketa antolatu du Sigmako Probaleku elkarteak ekainaren 15erako eta 17rako. Demalariek idi bakarrarekin jokatzen dituzte uztarri motzeko probak.

Sei demalari lehiatuko dira Uztarri Motzeko Trinitateetako lehen sarian: Altzubarren (Eibar), Lopategi (Billela), Mendigoiti (Eibar), Patxi Irarreta (Errenteria), Isidro Erretegia (Azkoitia) eta Altuna (Aizarnazabal).
Bi egunetan arituko dira lehian, datorren zapatuan (ekainak 15) eta astelehenean (ekainak 17). Bi saioak 22:00etan hasiko dira.
Idiek 1.100 kiloko harria mugitu beharko dute Sigmako probalekuan, eta 600 kilotik gorako pisua duten idiek, kilo bakoitzeko kilo eta erdiko gainkarga izango dute harri gainean. Idien pisaketa goizean, 10:00etan, egingo dute probalekuan bertan.
 • 4.500 euro saritan
Demako irabazleak 1.000 euro eta manta jasoko ditu saritzat. Bigarren sailkatuak 900 euro, hirugarrenak 800 euro, laugarrenak 700 euro, bosgarrenak 600 euro eta seigarren sailkatuak 500 euro jasoko ditu. Guztira 4.500 euro banatuko dituzte saritan.