Aurten ere egundoko giroa egon da Zegama-Aizkorri mendi maratoian. Giroa eta beroa, eguzkiak gogor jo baitu asteburu osoan. 10.000 lagun inguruk eman zuten izena 18. ekitaldi honetan parte hartzeko, eta 500 saltakari inguruk bakarrik lortu zuten dortsala. Horiek abiatu ziren atzo goizean Zegamako irteera puntutik, eta Kilian Jornet izan zen 42 kilometroko ibilbidea osatzen azkarrena. Kataluniarrak 3:52:47ko denbora egin zuen Zegaman lortzen duen bederatzigarren garaipenean. Lehen euskalduna Ander Iñarra izan zen, Kilimon Trail mendi lasterketako azken irabazlea. Lehen elgoibartarra, berriz, Gorka De La Horra izan zen. 37. postuan sailkatu zen, 4:35:50eko denborarekin, irabazlearengandik 43 minutura. De La Horrak iaz lortutako postua eta denbora ondu ditu. 50. postuan sailkatu zen 2018ko Zegama Aizkorrin, 4:38:32ko denborarekin. Ander Barrenetxea 56. postuan sailkatu zen, 4:46:45eko denborarekin (iaz 4:41:51). Ioritz Conde 176. postuan sailkatu zen, 5:33:40 denborarekin (Iaz, 4:56:24). Mikel Gorriti 107. postuan sailkatu zen (5:06:58), Julen Salaberria 168. postuan (5:30:27) eta Josu Mendikute 337. postuan (7:08-39). Ikus hemen 18. Zegama-Aizkorriko sailkapen nagusia -PDF-.
• Maite Maiora eta Mayi Mujika aurreneko postuetan
Emakumezkoetan Eli Anne Dvergsdal norbegiarra gailendu zen, 4:36:06ko denborarekin. Antxitxikari norbegiarrak ez zuen beroaren eraginik nabaritu eta denbora ona egin zuen, baina ez zuen ondu Maite Maiorak 2017an ezarri zuen errekorra (4:34:27), eta mendaroarraren markatik minutu t’erdira gelditu zen. Maite Maioraren ezina ezustekoa izan zen iazko Zegama-Aizkorrin, ibilbidekon 21. kilometroan bertan behera laga baitzuen proba. Aurten 11. postuan amaitu zuen, 5:10:02ko denbora eginda. Hainbat lasterketatan atzetik izan dituen lasterkariak aurretik izan zituen Maiorak, baina gogoan izan behar da distantzia luzeagoko mendi lasterketetara bideratu duela denboraldi honetako prestaketa. Mayi Mujika elgoibartarrak ere lehen emakumezkoen artean sailkatzea lortu zuen, 17. postuan, hain justu ere, 5:25:30eko denborarekin.
*Goiko eta beheko argazkia Fotoisu photography.
• Lendinez eta Lariz Zegama-Aizkorriko Kilometro Bertikalean
Zegama-Aizkorriko V. Kilometro Bertikala jokatu zuten barixakuan. Maila handiko mendi lasterkariek parte hartzen dute proban, igoera bertikaletako espezialistak batzuek eta maratoia korritzera datozela aprobetxatuz kilometro bertikalean lehiatzen diren puntako saltakariak besteak. 157 partaide izan zituen lasterketak eta Ainhoa Sanz urretxuarra (42’20”) eta Oriol Cardona kataluniarra (36’12”) izan ziren azkarrenak. Gure ordezkariei dagokionez, bosgarren postua eskuratu zuen Ainhoa Lendinezek (50:26) eta zortzigarren postua Iñigo Larizek (40:31). (Kilometro bertikaleko sailkapenak -PDF-)
- Maite Maiorak laugarren egin du Madeirako Island Ultra Trail lasterketan (2019-04-28)
- Maite Maiora: "Mont Blanckeko Ultra Traila izango da 2019ko nire helburu nagusia, baina ez bakarra" (2019-01-17)
- Maite Maioraren ezina ezustekoa izan da Zegama-Aizkorrin (2018-05-29)
- Maite Maiora mendaroarrak, garaipena eta errekorra Zegama-Aizkorri mendi maratoian (2017-05-28)
- Maite Maiora mendaroarrak, garaipena eta errekorra Zegama-Aizkorri mendi maratoian (2017-05-28)
- Maite Maiorak bigarren egin du Zegama-Aizkorriko kilometro bertikalean (2017-05-26)