Katalunia gailendu da IMH Kiroldegian jokatu duten Lau Nazioen eskubaloi txapelketan

Barren.eus 2019ko eka. 3a, 15:49

Katalunia eta Valentziako selekzioek jokatu zuten, atzo, XI. Emakumezkoen Lau Nazioen Eskubaloi Txapelketako finala, IMH kiroldegian. Kataluniarrek irabazi zuten titulua.

Kataluniako eskubaloi selekzioak bigarrengoz irabazi du Lau Nazioen txapelketa, 2009an La Coruñan (Galizia, Espainia) jokatutakoa ere irabazi baitzuen. Kataluniarrek 22-17 irabazi zieten finalean valentziarrei. Fernando Barbeitok zuzendutako Kataluniako selekzioak gogotik sufritu eta lan eginda lortu zuen finalerako sailkatzea, Galiziako selekzioak garesti saldu baitzuen porrota finalerdietako neurketan. Kataluniak eta Galiziak 28nako berdinketarekin amaitu zuten elkarren aurkako finalerdia, zapatuan. Eta, lehen luzapena ere berdinduta amaitu zen, 31 eta 31. Bigarren eta azken luzapenean gol bakar bat egin zuten bi taldeek, eta denbora amaituta zegoela lortu zuen gol erabakiorra Kataluniako selekzioak, zazpi metrotatik eginiko gol bati esker. 32-31 izan zen azken emaitza.
Zapatuan jokatu zuten beste finalerdian Euskadik eta Valentziak jokatu zuten elkarren aurka, eta valentziarrek lortu zuten finalerako sailkatzea, Euskadiri 21-23 irabazita. Egungo txapelduna zen Euskadiko selekzioa eta orain dela lau urte txapelketa hau Elgoibarren jokatu zutenean ere garaipena lortu zuen, baina aurten ezin izan du titulua irabazi. Elgoibarko Udalak harrera egin zien zapatu goizean parte hartu duten talde guztiei, udaletxean (beheko argazkian).
Sanlok zuzenean eman ditu, streaming bidez, Lau Nazioen txapelketan jokatu dituzten partida guztiak, eta Sanlok Youtuben duen kanalean ikus daitezke oso-osorik.

∞Lotura duten albisteak: