Angel Ibarluzea: “Nire aurreneko gaupasa bolatokian egin nuen, 13-14 bat urterekin”

Barren.eus 2019ko mai. 31a, 10:03

Hiru txirlo bola jokoko dominatzaile nagusienetarikoak dira bolari elgoibartarrak; Euskadiko eta Gipuzkoako konta ezin beste txapelketa irabazi dituzte bakarka, bikoteka zein taldeka. Angel Ibarluzea eta Xabier Loiola lehengusuek irabazi berri dituzte azken txapelak. Gipuzkoako 50. hiru txirlo bola-joko txapelketa irabazi dute bikoteka, eta Ibarluzeak bosgarrengoz irabazi du bakarkako titulua. Bera da gainera egungo Euskadiko txapelduna. Zein hoberik bola jokoaz berba egiteko.

- "11k 11ren aurka jokatu eta beti Alemaniak irabazten duen kirola da futbola", esan zuen Gary Lineker futbol jokalari ingelesak. Bola jokora ere ekar daiteke esaldi hura, azken zatia aldatuta: "Beti San Migel taldeko bolariren batek irabazten duen kirola da bolo jokoa”.
Xabier: Beti zaila da, baina normalean puntan ibiltzen gara.
Angel: Egia da azken urteetan txapel asko etorri direla Aiastiara. Eta, gainera, ez dira buru bakarrera joan. Hori bai, komeni da argitzea San Migel taldearen barruan ez gaudela aiastiarrak bakarrik, Idotorbe, San Roke edo Arriagako bolariak ere badauzkagu-eta taldean. Elgoibar ordezkatzen duen taldea da San Migel, horixe da federatuta daukagun taldearen izena. 21 lagun gaude federatuta.

- Euskadiko eta Gipuzkoako zenbat txapel irabazi dituzue zuek biok? Eta bolari elgoibartarrek?
A: Hiru Txirlo modalitateko arduraduna izan nintzen hamabost urtean, Gipuzkoako Bolo eta Toka Federazioan. Ardura hartu nuen urtetik aurrerako datuak bakarrik dauzkat, 2002tik honakoak. Aurtengoarekin bost alditan irabazi dut Gipuzkoako txapelketa eta lau bider Euskadikoa. Xabierrek bitan irabazi ditu txapelketok, bata zein bestea. Bikoteka zazpi aldiz izan gara Gipuzkoako txapeldunak, eta zortzitan, Euskadikoak. Eta taldeka, 2002tik gaur arte San Migelek hamar bider irabazi du Gipuzkoako txapela, eta zazpitan, Euskadikoa.
X: Gutaz aparte, Jabier Osorok Gipuzkoako bi txapel eta Euskadiko hiru irabazi ditu. Unai Loiolak Euskadiko bat eta Gipuzkoako bat, eta nire aitak (Julian Loiola) ere irabazi zuen Gipuzkoako txapel bat. Imanol Osorok Gipuzkoako bi txapel ditu, eta Jose Irustak, bat. 50 alditan jokatu da Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketa eta azken urteetan 14 txapel lortu dituzte Elgoibarko bolariek. Eta handiagoa izan da nagusitasuna Euskadikoan, jokatu diren 29 ekitaldietatik dozena bat irabazi dituztelako San Migel taldeko bolariek. Gureez aparte Javier Osorok (3), Unai Loiolak (1), Jose Irustak (1) eta Agustin Irustak (1) irabazi dute. Eta hori, San Migel taldea 80. hamarkada amaieran hasi zela txapelketetan parte hartzen. Hemengo bolariek Elgetako edo Eibarko taldearekin hartzen zuten parte taldea sortu aurreko urteetan.

- Agerikoa da bolari elgoibartarren nagusitasuna. Non dago sekretua, baldin badago?
A:Eragina izango du boloetako zentroa hemen egoteak: Osintxu, Soraluze, Eibar, Bergara, Elgoibar... inguru honetan egon da boloetarako tradizioa. Boloetako elkarte bakarra Eibarren dago: Asola Berri. Hiru txirlo modalitatea herri horietatik zabaldu da ingurukoetara. Gerora eraiki zituzten Azpeiti, Azkoiti edo Lasturko bolatokiak, esaterako.
X: Elgoibarren Aiastia eta Idotorbe dira auzorik bolazaleenak, bietan mantendu da bizirik bola-jokoa.
A: Gure amamak hemen (Aiastian) taberna zuen, eta haren aurrean bolatokia eduki zuten aitak eta osabak, bost bat urtean. Aitak beti esaten zuen, erromeria egunetan ehundik gora lagun batzen zirela tiraldi normal batean. Sekulako giroa sortzen zen, eta ordutik datorkigu guri zaletasuna, umetatik. Nire aurreneko gaupasa bolatokian egin nuen, 13 edo 14 bat urterekin. Goizaldeko zazpiretan heldu nintzen etxera, aitak txuleta ipini, hura jan eta ohera. Ajerik gabe eta poltsikoak beteta. Bolak bueltatzen ibiltzen ginen hau (Xabier) eta ni. Auskalo zenbat bola bueltatuko genituen; eta ez da ikasten hasteko modu txarra. Ohitura egoten zen gu moduko gazteak baratero jartzeko auzoko jaietako tiraldietan. 100 pezetako tiraldia baldin bazen, bost pezeta ematen zizkigun irabazleak. 1.000 pezetako tiraldiak ere egoten ziren goizaldeko bostetan. Diru horrekin sartzen ginen gu jokoan, eta tarteka-tarteka irabazten genuen jokoren bat. Hala bazen, pozik, eta ateratzen ez baldin bagenuen, baratero jarri behar diru pixka bat batzeko...
X:Huraxe gustatzen zitzaigun. Gure saltsan geunden. Orain esaten diezu umeei bolak bueltatzen jartzeko eta nanai, ez direla hor jarriko, aspertu egiten direla. Ume eta gazte denboretan izugarria zen bolatokietako giroa, apustuak, pikeak, zarata... ordu txikiak arte luzatzen ziren.
A: Nik ikusi dudan apusturik handiena, lagun batek zazpi laguni botatakoa izan zen, Elorrion. Bola bat eskuan zeukala, zazpi mila duro jokatu zizkion bakoitzari: Txirlo bat bota baietz. Justu-justu, baina jo zuen bat. 35.000 pezeta irabazi zituen. Garai haiek joan dira.

- Futbolean jokatutakoak zarete biok. Futbola lagatakoan hasi al zineten bolo txapelketetan?
A:Bola jokoan umetatik egin dugun arren, txapelketan bota nuen lehenengo aldia 1989an izan zela uste dut, 22 bat urte nituenean. Xabier eta biok elkarrekin hasi ginela uste dut. Futbola eta bola jokoa (boletia) ezin uztartuta ibili ginen urte batzuetan, eta boletia laga behar izan genuen. Futbolean ibili izan ez bagina, boletian lehenago hasiko ginen, seguru.

- Bata bestearengandik ezberdinak dira oso bolatokiak. Igarriko duzue aldea, ezta?
X: Bolatoki bakoitza mundu bat da. Gainera, urtean behin edo bitan aritzen gara batzuetan. Txapelketetan, gutxienez, bola berdinarekin jokatzen dugu bolatoki guztietan.

- Zein duzue bolatoki gogokoena?
X: Ez da zaila asmatzea, ezta? Aiastiakoa, dudarik gabe. Idotorbekoa ere gustukoa da, baina honek beste xarma bat dauka, motzagoa da, dotoreagoa... goxoagoa boletarako. Hementxe ibiltzen gara gusturuen, eta aurkariek ere badakite, noski. A:Lehen gogoko bolatoki gehiago genituen, baina horietako asko makaltzen ari dira. Bolatokiak berezitasunen bat eduki behar du. Estreinakoz dabilenak txirloak jotzen dituen bolatokia ez zaigu gustatzen bolarioi, guri behintzat ez. Bolatoki bakoitzeko berezitasun eta zailtasunetara moldatzen ez zekienak ez zuen txirlorik joten lehen. Bolatoki batzuek koskorra edo kurbatxoa izaten dute, bolak goitik behera, edo alderantziz, atera behar dira beste batzuetan... halakoak ezagutzeko ordu asko sartu eta bolatoki asko pasatu behar dira.
X: Boletia horixe da. Bolatokiak daukan zailtasuna gainditzen asmatzea. Adibidez, Gipuzkoako txapelketako azken jardunaldia, Elgetakoa, 13 urteko mutiko batek irabazi du, eta hori ez litzateke normala izan behar. Sanmigeldarrontzat ez da normala.

- Nolako bolariak zarete? Aipatu batak bestearen ezaugarriak.
A: Nik honek beste indar ez daukat, eta zerbait egin behar dut bolarekin bera indarrez ailegatzen den lekuetara ailegatzeko. Bolatokia nola dagoen igartzen izan naiteke ni trebexeagoa. Gehiagotan aldatzen dut bola eskuan berak baino. Zuzenagoa da Xabier horretan. Daukan indarrarekin, behar denean indar hori apaltzea da berak daukan meritua. Beste ezeren gainetik ehuneko ehunean lehiakorrak gara gu biok, hori da gure ezaugarria. Eta txakur zaharrak garela. Une garrantzitsuetan gurea ematen dugu, eta badakigu nor jartzen den urduri eta nor ez.
X:Honek teknika handiagoa dauka. Bola eskuan hartzeko modua gehiagotan aldatzen du, moldatu egiten du lekuaren arabera: azpijana, gainjana... bestea. Nik, aldiz, eskua mugitu baino gehiago, gorputzaren postura aldatzen dut jaurtitzerakoan. Bakoitzak bere estiloa dauka. Eta gero Unai (Loiola) modukoak daude, beste galaxia bateko bolariak. Hark txirloak jo beharrean pasa egiten ditu, indarraren indarrez.

- 50 urte bete ditu Gipuzkoako Hiru Txirlo bola joko txapelketak. Nola ikusten duzue zuen kirola?
A: 2013. urte inguruan goia jota ibili ginen. Ehun bat lagunek hartzen zuten parte txapelketako tiraldietan. Beheraldia izan zuen ondorengo urteetan eta berriro indarra hartzen ari da orain. Bolari beterano asko egon da, 80 urtetik gorakoak ere badabiltza, eta asko erretiratu dira bolatokietatik. Horiei erreleboa emateko gazte jendea erakarri behar dugu, geu ere beterano bihurtzen ari garaeta... Boletiari ikusten diodan berezitasunetako bat hori da hori: adin guztietako lagunak gabiltzala. 13 urteko bat izan daiteke Gipuzkoako txapeldun, izan gizona zein emakumea. Halakorik ez dago beste kiroletan. Bestetik, bolatoki batzuk badute berritzeko premia, eta aldrebesena Aiastian daukagu. Bolari gehienak gusturen hemen ibiltzen dira, baina itxuraz aldrebesena ere hauxe da. Teilatuak badu berritzeko premia.

- Nolakoa izaten da tiraldietan egoten den giroa.?
X: Euskal giroa egoten da, erdaldunak ere badauden arren. Lagunarteko giroa izaten da nagusi eta taldean ibiltzen gara gu, zortzi bat lagunez osatutako boletarako koadrilarekin hara eta hona. Kirola baino gehiago da guretzat. Sarietarako ere kaja bakarra daukagu. Berdin dio saria zeinek atera duen, irabazitako dirua kajara doa. Handik ordaintzen ditugu izenemateak.
Angel: Gu boda batetik irten eta junda gaude tiraldia jokatzera. Halako anekdotak mordua dauzkagu. Beste batean bodatik irten baina tiradia guk uste baino azkarrago amaitu zen eta ez ginen garaiz ailegatu. Bi kilometrora gendenean autoan jaso genuen deia, alferrik zela joatea amaituta zegoela. Aurten Lazkaotik Azkoitira ere etorri nintzen. Umeak entrenatzen ditut futbolean Azpeitiko Lagun Onaken eta Lazkaon partida bat jokatu behar genuen, 17:00etan, eta ordu berean hasten zen Azkoitiko tiraldia. Lazkaora joan, umeak aldau, partida aurreko hitzaldia eman eta bi guraso laga nituen aulkian umeen arduran. Azkoitira etorri, sei txirlo jo eta berriro joan nintzen Lazkaora, bigarren zatirako garaiz. Azkoitira joan ez banintz, ez nuen Gipuzkoako txapela aterako.

- Hiru txirlo munduan bada aldatuko zenuketen zerbait?
A: Bola jokoa eskola kirolaren barruan sartu ez izana gelditu zaidan arantza. Gai hori behar moduan bultzatzeko astirik ez dut izan lanagatik. Eskola Kiroleko liburuan aipatzen da bola jokoa, eta umeek eskubidea dute beste kirol batzuk moduan bola jokoan aritzeko, egun batean bada ere. Elgoibarren lau bolatoki ditugu auzoetan (Idotorbe, Aiastia, Azkue eta Sallobenten). Eta horiez gainera, herri erdian ere badaukagu Bolatoki plaza, elizaren albo batean. Gauza bakarra falta zaio, ordea: izenean daraman bolatokia. Uste dut herriaren erdian egon behar duela bolatoki batek, eta toki ezin aproposagoa dela hori. Gure kirola ezagutzera emateko balioko luke, eta umeak zein nagusiagoak boloetara erakartzeko ere bai. Hor botatzen diot proposamena Udalari.

-Lehendakari Txapelketa jokatuko duzue asteburuan Aiastian. Zer da "lehendakari txapelketa"?
Xabier: Orain dela bost bat urte sortu genuen txapelketa da Lehendakari Txapelketa, eta bete betean asmatu genuela uste dut, jokatzeko eta ikusteko politena delako. Gipuzkoako txapelketako lehen 64 sailkatuek jokatzen dute, kanporaketa formatoan. Lehen sailkatuak, kasu honetan Angelek, 64. sailkatuaren aurka jokatuko du kanporaketa, eta bigarrenak 63. sailkatuaren aurka, horrela finalera ailegatu arte. Emozioa eta saltsa egoten da hasieratik bukaerara arte. Paretean egoten da koadroa eta denak hari begira, nork noren aurka jokatuko duen edo zein gelditu den kanporatuta ikusteko.
Angel: Lehendakari Txapelketa Gipuzkoakoa amaitu eta hurrengo asteburuan jokatzen da, eta jardunaldi guztietan parte hartzera behartzen ditu bolariak, ahalik eta hobekien sailkatuta ailegatzeko Lehendakari Sarira.