Ia 200 lagunek hartu zuten parte Debabarrenako orientazio raidean

Barren.eus 2019ko mai. 30a, 11:09

Deban jokatu zuten estreinakoz Debabarrenako raida, joan den zapatuan. Morkaikok antolatzen duen probaren bosgarren edizioa izan zen, eta 110 lagunek hartu zuten parte proba nagusian, eta 85 haur eta heldu lehiatu ziren raid familiarrean.

Nagusiak zazpi orduan aritu ziren lehian, hainbat probatan. Debako kaleetan egin zuten orientazio proba batekin hasi zuten aurtengo Debabarrenako raida. Gero, antolatzaileek hondartzan prestatu zituzten hainbat joko gainditu behar izan zituzten lehiakideek, zorabiatzeko modukoak batzuek, mendi bizikletako proba hasi aurretik. Itziar, Arbil, Lastur eta Andutz inguruetan egin zuten BTT proba. Eskalada proba bat egin zuten gero Lasturren, eta espeleologiakoa, Ugarteberriko koban. Bi proba berezi horien ostean, bi trekking egin zituzten. Lehena Andutz inguruan egin zuten, 8 kilometroko ibilbidean eta 625 metroko desnibelduna; eta, bestea Itxaspe-Sakoneta inguruan, Euskal Kostaldeko Geoparkearen bihotzean. Bigarren trekking-ak 10 kilometroko ibilbidea eta 500 metro inguruko desnibela eduki zuen. Gainera, geologiarekin zerikusia zuen proba berezi bat gainditu behar izan zuten, Geoparkearen sorrera eta berezitasunei buruzko hiru galderaren erantzuna asmatu behar izan zuten. Horren ostean, bizikleta gainean itzuli ziren Debaraino, 37 kilometroko proba osatuz.
Sailkapenak: https://debabarrenaraidwordpress

• Raid familiarra
Familientzako raida Debako aamedako musika kiosko ondotik hasi zen. Antolatzaileen azalpenak entzun zituzten parte hartu zuten umeek eta helduek eta antlatzaileek emandako mapak ondo aztertu ondoren, 11:00etan puntuan Deba inguruetan ipinita zeuden baliza ezberdinen bila abiatu ziren. Debako hondartzan joko berezi bat prestatu zieten, eta alamedan slackline-a eta mikroorientazio proba bana egin zituzten. Morkaiko Mendizale Elkartetik eskerrak eman dizkiete raida antolatzen lagundu dieten lagun guztiei, babesa eman dieten erakunde eta komertzioei eta baita parte hartzaileei ere. Hona raideko argazki bilduma (Jugatx Juaristik eta Abel Arriagak ateratako argazkiak dira).

 Lotura duten albisteak: