Pablo Turrillas da Haundiko entrenatzaile berria

Barren.eus 2019ko mai. 28a, 14:16

Haundiko entrenatzaile berria aurkeztu du C.D. Elgoibarrek. Pablo Turrillas Aranzetak (Deba, 1963) gidatuko du aurrerantzean talde zuri-gorria. Turrillas Haundiko jokalaria, zortzi bat urtean, eta entrenatzailea, denboraldi batean, izana da.

Bi denboraldi osatu dituen Omar Aizpururen lekua hartuko du Pablo Turrillas debarrak Haundiko entrentzaile karguan. Eskarmentu handiko entrenatzailea da debarra. 30 urte daramatza taldeak entrenatzen, -Bermeo F.T. taldea izan da azkena, 3. Mailan-, eta bigarren aroa hasiko du orain Elgoibarren, 2007-2008 denboraldian ere Haundi entrenatu baitzuen, Hirugarren Mailan. Sailpapeneko 11. postuan amaitu zuen taldeak eta Jagoba Arrasatek ordezkatu zuen Turrillas entrenatzaile postuan. Hainbat taldetatik pasa eta gero, berriro elkartu dira Turrillasen eta C.D. Elgoibarren bideak. "Beti egongo naiz zorretan Elgoibarrekin eta Club Deportivo Elgoibarrekin. Hogei urte nituenean fitxatu ninduen C.D. Elgoibarrek eta hemen hezi eta hasi nintzen pertsona moduan. Garai hartan gainera, Haundira ez zetorren edonor. Gipuzkoako talde ia guztietako deiak izaten zituzten jokalariak eskaintzeko-eta", aitortu du Pablo Turillasek Mintxetan, C.D. Elgoibarrek entrenatzaile berria aurkezteko antolatutako ekitaldian. 

Futbolean jokatzeari 30 urterekin laga eta Deban hasi zuen entrenatzaile ibilbidea, lehen taldearrekin eta jubenilekin egin nituen bizpahiru urte. Aurrera Ondarroa taldea izan zuen lehen erronka handia aulkitxoan, 3. Mailan. Handik Durangoko Cultural taldera joan zen eta Gernika entrenatu zuen gero, hiru urtez, berriro Elgoibarrera itzuli aurretik. Elgoibar urtebetez entrenatu ostean, Arenas taldeak fitxatu zuen. Gernikara itzuli zen taldea beste bi denboralditan zuzentzeko. Azpeitian eta Zarautzen ere aritu zen entrenatzaile eta Sestaoko River taldean ere bai, besteak beste. Guztira 500 partidatik gora egin ditu 3. Mailan entrenatzaile moduan, eta, 2005-2006 denboraldian 3. Mailako txapeldunordea izan zen Gernikarekin. Bigarren B Mailako taldeak ere izan ditu bere agindupean.

Haundinrekin hasiko duen aro berrian, taldea kategorian egonkortzea izango dela bere helburua aurreratu du Turrillasek, eta denek ongi pasa dezatela, jokalariek zein zaleek. Kluba etxeko jokalarien alde egiten ari den apostuari jarraipena ematera datorrela ere nabarmendu du. 

 Lehen bajak Haundin

Haundiko bajen berri ere eman du klubak. Taldea lagako dute Julen Ansoalde, Aitor Azpiazu, Xabi Gereta eta Borja Luis Blascok. Etxeko bi jokalarik ere utziko dute taldea, futbola lagatzea erabaki dutelako. Iker Arrillagak eta Asier Badiolak, hain zuzen ere, atezainak biak.

∞Lotura duten albisteak: