Kirolak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

Euskal Herriko egungo txapelduna den Angel Ibarluzea elgoibartarrak irabazi du Gipuzkoako 50. hiru txirlo bola-joko txapelketa. Elgetako bolatokian jokatu zuten zapatuan txapelketako 9. eta azken jardunaldia, eta emozioz beteriko amaiera izan zuen.

San Migel taldeko Angel Ibarluzea eta Asola Berri taldeko Ganix Rodriguez berdinduta ailegatu ziren Elgetan jokatu zuten azken jardunaldira, biak 41 txirlo botata. Elgeta taldeko Iker Arizmendiarrieta zegoen sailkapeneko hirugarren postuan, 33 txirlorekin. Gauzak horrela, Ibarluzeak eta Rodriguezek zituzten irabazlearen txapela janzteko aukera handienak. Rodriguez eibartarra izan zen tiraldian aurrenekoa jaurtitzen eta ez zuen txirlo bakar bat ere bota bolariek egiten dituzten hiru jaurtialdietan. Ibarluzea azkenetarikoa zen jaurtitzen, eta honek ere huts egin zuen lehen bi jaurtialdietan. Azkenengoan, baina, hiru txirloak jo zituen, eta berak jantziko du txapela, txapelketak 50 urte bete dituen edizio berezian. Egungo Euskadiko txapelduna da Ibarluzea eta Gipuzkoakoa ere bai orain. Emakumezkoetan, Carmen Cordero azpeitiarra gailendu da, guztira 23 txirlo botata. San Migel taldeko Aitziber Olaizola elgoibartarrak lortu du hirugarren postua, 15 txirlo botata. 

Elgetako tiraldiari dagokionez, Beñat Villar gailendu zen, 13 urteko bergararra (beheko argazkian). San Joxepe taldeko bolari gazteak zazpi txirlo jo zituen hiru tiralditan, Asola Berriko Bittor Astigarragak beste. Irabazlea erabakitzeko parretako tiraldian, Villarrek bost txirlo jo zituen, Astigarragak baino gehiago.

 • Bikoteka txapeldun, taldeka ezin

Bikotekako sailkapenean ere bi elgoibartar nagusitu ziren, Angel Ibarluzea eta Xabier Loiola. Bederatzin jardunaldietan 75 txirlo bota dituzte, Alex Camposek eta Ganix Rodriguezek baino sei gehiago. Taldeka, baina, San Migel taldeak ezin izan zion lehen postua kendu Asola Berriri. Eibartarrek amaitu dute lehen postuan, 165 txirlo botata. San Migel A taldeak lortu du bigarren postua, 156  txirlo jota.

∞ Lotura duten albisteak:

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza