Lau Nazioen eskubaloi txapelketa jokatuko dute ekainaren 1ean eta 2an IMH kiroldegian

Barren.eus 2019ko mai. 22a, 13:14

Goi mailako eskubaloiaz gozatzeko aukera izango da, beste behin ere, Elgoibarren. 2015ean moduan, aurten ere IMH Kiroldegian jokatuko da Emakumezkoen Lau Nazioen Eskubaloi Torneoa. Euskadiko, Galiziako, Valentziako eta Kataluiniako selekzioek parte hartuko dute. Gainera, Nahia Legorburu elgoibartarrak Euskadiko taldearekin jokatuko du.

Lau Nazioen txapelketak bi finalerdi eta finala izango ditu, ekainaren 1ean lehena eta 2an bigarrena. Gaur eguerdian aurkeztu dute txapelketa udaletxeko pleno aretoan. Udal ordezkariez gainera, Jose Manuel Ruiz de Cenzano Euskal eskubaloi federazioko lehendakariak eta Joseba Rodriguez "Jaito" euskal selekzioko hautatzaileak hartu dute parte. Federazioko presidenteak azaldu duenez, beraiek proposatu zien Elgoibarko Udalari txapelketa Elgobarrera ekartzeko aukera, aurten Europako Kirolaren Herri izendapena jaso duela ospatzeko. Iaz Galizian jokatu zuten txapelketa hau eta Euskal selekzioak irabazi zuen torneoa. Tituluari eusteko bihotz eta arima saiatuko direla esan du Euskadiko hautatzaile Joseba Rodriguezek. Duela lau urte ere Elgoibarren jokatu zuten Lau Nazioen torneoa, eraiki berri zen IMH Kiroldegian jokatu zen aurreneko txapelketa izan zen.
 • Nahia Legorburu deialdian, June Loidik ezin
Jaito hautatzaileak jokalari elgoibartar bat sartu du Euskadiko taldearen deialdian, jubenil mailan diharduen Nahia Legorburu, hain zuzen. Legorburuk Sanloko Astigarraga GYS Sport taldean jokatzen du. Barakaldoko Zuazo taldean jokatzen duen June Loidi ere sartu nahi zuen deialdian euskal selekzioko entrenatzaileak, baina ezin izango du, Loidik Espainiako selekzioaren deia jaso baitu. Espainiak aurten Japonen jokatuko den Munduko Eskubaloi Txapelketan egoteko kanporaketa erabakigarria jokatuko du Islandiaren aurka. Joaneko partida Antequeran (Malaga, Espainia) jokatuko dute maiatzaren 31n. Itzulerako partida Islandiako hiriburuan, Reykjaviken, jokatuko dute ekainaren 6an.

∞Lotura duten albisteak: