Andoni Armendia: “Penaz utziko dut eskubaloia, baina egindakoarekin pozik noa”

Barren.eus 2019ko mai. 10a, 08:05

Andoni Armendiak hartu du erabakia eta denboraldi amaieran eskubaloia lagako du. 33 urte ditu, 18 denboraldi egin ditu Sanlon, eta azken 11 denboraldietan Alcorta Forging Group senior taldeko kapitaina izan da. 

Azken bi urteotan belauneko lesio batek uste baino lan handiagoa eman dio, eta argi ikusi du eskubaloia lagatzeko ordua iritsi zaiola. Etxean jokatu zuten azken partidan omenaldi beroa egin zioten Sanloko kideek, eta hunkituta, eskerrak eman dizkie guztiei. 

 • Zer dela eta hartu duzu eskubaloia lagatzeko erabakia? 

Urte asko dira dagoeneko, eta aldaketa baten beharra daukat. Gainera, fisikoki ere ez nago guztiz ondo. Belauna nahiko minduta daukat azken urteetan, eta aurtengo denboraldian nahiko lan eman dit. Lesioen eraginez, luzea egin zait denboraldia. Egia esateko 18 denboraldi hauetan asko errespetatu naute lesioek, baina orain dela zortzi bat urte lotailua apurtu nuen, eta ordutik ondo egon banaiz ere, azken urte honetan minez ibili naiz, belauna handituta... Banekien azken denboraldia izango zela eta ahal nuen moduan iritsi behar nuen bukaerara. Iazko denboraldian ere uztekotan egon nintzen, baina beste urtebetez jarraitzea erabaki nuen. Aurtengoa benetan izango da azkena.

 • Etxeko azken partidan ezusteko sorpresa eman zizuten Sanloko kideek. Nola hartu zenuen? 

Zerbait espero nuen, baina ez nuen uste horrenbesterakoa izango zenik. Gehiegi izan zen. Zale pila bat etorri ziren kiroldegira: etxekoak, lagunak, aurreko urteetan nirekin jokatutakoak... Txapel bat eman zidaten, kamiseta bat, argazki bat eta bi taldeek pasilo moduko bat egin zidaten ni bertatik pasatzeko. Ez dut uste hori guztia beharrezkoa zenik, baina pozik hartu nuen eta eskerrak eman nahi dizkiet guztiei. Emozioz beteriko unea izan zen. 

 •  Kirol alorrean, zein lorpen eskuratu dituzu 18 denboraldi hauetan? 

Seniorretan Lehen Nazional Mailara igotzea lortu genuen, eta hori lorpen handia izan zen. Igotzea lortu genuen, baina arazo batzuen ondorioz, taldea desegin egin zen, eta maila horretan jokatzeari uko egin behar izan genion. Hurrengo denboraldirako talde berria sortu genuen, eta oker ez banabil, sei denboralditan bost kategoria igotzea lortu genuen. Lurraldekako Bigarren Mailan hasi ginen, eta berriz lortu genuen Lehen Nazional Mailara igotzea. Dagoeneko izango dira zortzi bat urte gorengo maila horretan gaudela. 

 •  Noiz eta nola hasi zinen eskubaloian jokatzen? 

Eskubaloian jokatu aurretik, futbolean hasi nintzen, nire lagun gehientsuenak bezala. Atezain postuan jokatzen nuen. Eskolarteko jokoen barruan, baina, saskibaloia, futbola eta eskubaloia praktikatzen genituen, eta konturatu nintzen eskubaloia ere gustuko nuela.15 edo 16 urterekin futbola laga eta eskubaloian hasi nintzen. Hasi eta berehala utzi egin behar izan nuen, osasun arazo bat izan nuelako, baina gero berriz itzuli nintzen, eta gaur arte. Erabat harrapatu ninduen eskubaloiak, eta ez naiz damutzen futbola utzi eta eskubaloian hasi izanaz.

 • Urte hauetan guztietan, zer eman dizu eskubaloiak, eta zer eman diozu zuk eskubaloiari? 

Eskubaloiak dena eman dit, ezin dut gehiago eskatu. Neskalaguna ere eskubaloiak eman dit. Berak ere jokatzen zuen Sanlon, eta eskubaloiari esker ezagutu genuen elkar. Une honetan bera da gure taldearen zale handienetarikoa. Eta nik eskubaloiari ere ahal nuen guztia eman diot. Norberak badaki non dauden bere mugak, baina ni gustura geratu naiz egin dudanarekin. Penaz utziko dut eskubaloia, baina egindakoarekin pozik noa. Eta badakit beste bost urte jarraitu izan banitu ere, penaz joango nintzatekeela.  

 •  18 urteko ibilbidearen zein balorazio egiten duzu? 

Oso positiboa. Gauza pila bat ikasi ditut eskubaloiari esker. Entrenatzaile oso onak eduki ditugu, eta gauza pila bat irakatsi dizkidate. Asobal Ligan jokatutako bi entrenatzaile izan ditugu azken 11 urte hauetan, Juanma Lopez eta Vuci [Gojko Vucinic], eta eskubaloiarekiko pasioa daukate biek eta hori transmititu digute. Talde bateko kide izate hutsagatik bakarrik gauza pila bat ikasten dira. Eskubaloia talde-jokoa da, eta jokalari batek berak bakarrik ezin du ezer egin. Taldean jokatzen ikastea garrantzitsua da. Denon arteko lana da, eta denok norabide berean jokatu behar dugu, bestela gauzak ez dira ondo irteten. Talde-lanak disziplina ere erakusten du, eta baita ere, taldekideak errespetatzen. Badakizu huts egiten baduzu entrenamendu batean edo partida batean ez diozula zure buruari bakarrik kalte egiten, baizik eta taldeari, eta hori balio garrantzitsua da. Ni lanean nago, beste batzuk ikasten daude, eta Lehen Nazional mailan eskubaloiak ordu asko eskatzen ditu: entrenamenduak, partidak batzuetan urrun tokatzen zaizkigu... hori dena uztartzea ez da erraza, eta norberagatik bakarrik balitz utzi egingo genuke behin baino gehiagotan, baina taldekideengatik hutsik ez egiten saiatzen gara. Gustura egiten dugu, baina batzuetan sakrifizioa ere eskatzen du. 

 •  Azken 11 denboraldietan taldeko kapitaina izan zara. Zer suposatu dizu horrek? 

Nire kasuan ez da izan karga berezia kapitaina izatea. Nik uste dut aintzinatasunagatik izan naizela ni taldeko kapitaina. Ez zait tokatu ardura berezirik hartzea. Taldean giro ona izan dugu beti, eta ez dut inolako arazorik konpontzeko beharrik eduki. Taldeko bat gehiago izan naiz beti. 

 •  Zein da eskubaloiak Elgoibarren hainbesteko indarra edukitzearen sekretua? 

Horren meritu guztia Sanloko zuzendaritzako kideena da. Klubean dauden guraso eta boluntario guztiek sekulako lana egiten dute, eta beraiek lortu dute eskubaloia indartzea Elgoibarren. Hori bai dela eskertzekoa! Nik jaso dudan omenaldia baino gehiago merezi dute horiek. Azken batean jokalari pila bat daude. Une honetan seniorretan hiru talde gaude, bi taldetarako gehiegi geunden eta hirugarren taldea osatu dugu aurten. Esan nahi dut jokalariak aurkitzea ez dela horren zaila. Askoz gehiago kostatzen da lanerako prest dagoen jende konprometitua aurkitzea. Lan handia egin dute eskubaloiaren alde, eta hori afizioan ere igartzen da. Jende pila bat etortzen da gure partidak ikustera, eta sekulako giroa egoten da kiroldegian. 

 • Eskubaloia laga ondoren, zer egingo duzu?

 Ez dakit. Eskubaloian jokatzeari utziko diot, baina ez naiz Sanlotik oso urrutira joango. Laguntzeko prest nago. Entrenatzaile titulurik ez daukat, eta ezta talde bat entrenatzeko besteko pazientziarik. Ez dut nire burua entrenatzaile ikusten. Partidak kanpotik jarraitzea oso gogorra egiten zait, eta askoz gehiago sufritzen dut aulkian kantxa barruan baino. 

∞Lotura duten albisteak: