Iñigo Lariz eta Ainhoa Lendinez elgoibartarrak azkarrenak Buetraitzeko igoera bertikalean

Barren.eus 2019ko mai. 4a, 13:37

Berezia izaten da Buetraitzeko igoera bertikala, ilunetan jokatzen baita. Antxitxikariak banan-banan irteten dira Arantzazuko aparkaleku azpitik eta 2,7 kilometrotan ia 800 metroko desnibel positiboa gainditu behar dute Buetraitzeraino (1.305 metro) igotzeko.

Atzo, hilak 3, jokatu zuten Buetraitzeko igoera bertikalaren hirugarren edizioa. Mendiko lasterkariak 22:00etan irten ziren banan banan Errekaurkulluko zubitik, Arantzazuko aparkaleku azpitik. Buetraitzeko tontorrera ailegatzen azkarrenak Ainhoa Lendinez eta Iñigo Lariz elgoibartarrak izan ziren. Larizek 27 minutu eta 16 segundoan osatu zuen 2,7 kilometroko igoera pikoa. Ia minutu bateko aldea atera zion bigarren egin zuen Iñigo Alzola (38:25) arrasatearrari. Joseba Diaz (28:35) azkoitiarra sailkatu zen hirugarren postuan.

Emakumezkoetan Ainhoa Lendinez gailendu zen eta probako errekorra ondu zuen gainera, 34 minutu eta bi segundoko denbora eginda. Alde nabarmena atera zion bigarren postua lortu zuen Montserrat Vazquez (35:53) bilbotarrari. Etxeko lasterkari bat, Maite Zabaleta (36:51) oñatiarra, sailkatu zen hirugarren postuan. Guztira 92 lasterkarik bukatu zuten proba.

Lariz zein Lendinez lasterketa irabazteko faboritoen artean zeuden arren, ezustean harrapatu ditu garaipenak. "Anemia bat gorabehera, osasunez ez naiz bete betean ibili. Gainera, apenas lehiatu naiz Udalaitzeko proban parte hartu eta gero. Bistan da atsedenak on egin didala. Eta Larizek esan didanez, bera ere harritu samar dago garaipena lortu izanarekin", azaldu du Lendinezek.

-Elgoibartarrek emaitza onak Buetreaitzen

Honakoa ez da elgoibartarrek proba hau irabazten duten estreinako aldia, 2016koan ere bi elgoibartar gailendu baitziren: Iban Murua gizonezkoetan eta Ainhoa Lendinez emakumezkoetan. Era berean, Iñigo Larizek irabazi zuen Buetraitzeko igoera bertikalaren aurreneko ekitaldia, 2014an. Buetraitzeko igoera bertikala hirugarren aldiz egin dute aurten: Aloñako igoeraren hamargarren urteurrenean, 2014an, eta duela hiru urte izan ziren aurreneko biak.

*Argazkiak: Oihana Elortza / goiena.eus eta Aloñako igoera