Goikoetxek eta Izeta IV.ak harri-jasotze apustua jokatuko dute zapatuan Azpeitian

Barren.eus 2019ko mai. 2a, 09:17

Imanol Albizu Goikoetxe harrijasotzaile elgoibartarrak botatako desafioa onartu zuen Hodei Iruretagoiena Izeta IV. zarauztarrak. Zapatuan, maiatzak 4, neurtuko dituzte indarrak Azpeitiko zezen plazan.

Bi harri-jasotzaileek hamar minutuko hiru txanda egingo dituzte 125 kiloko kubikoarekin. Alde bakoitzak 6.000 euro jarriko ditu deman. Altxaldi kopuruan berdinketarik bada bakoitzak mahai gainean jarritako dirua berreskuratuko du.
Bi harri-jasotzaileek martitzenean eman zuten apostuaren berri, Azpeitiko zezen plazan bertan, beren prestatzaileak, antolatzaileak eta babesleak ondoan zituztela. Azaldu zutenez, lanean lehenengo nor hasi zozketa bidez erabakiko dute. Gero, bakarka beteko dituzte hamar minutuko hiru txandak, eta hamar minutuko saio batetik bestera bost minutuko tarteak izango dira plazan. Jose Mari Gisasola Zelai harrijasotzale ohia da Goikoetxeren erakustailea, eta nabarmendu zuenez, 125eko kubikoa txapelketetan-eta erabiltzen ez den harria izanda, ez du faborito argirik ikusten dema honetarako.
Zapatuan 18:00etan irekiko dituzte zezen plazako leihailak, eta 35 euroan salduko dituzte sarrerak. Apostua 19:00etan hasiko da.

*Argazkia: Mailo Oiarzabal