Malkaitz eta Aiala Zarautz gailendu dira Olaizagan jokatu dituzten bi eskubaloi txapelketetan

Barren.eus 2019ko api. 14a, 16:30

Astigarraga GYS Sport taldeak eskura izan du Espainiako txapelketako azken faserako sailkatzea, baina Nafarroako Malkaitz taldeak irabazi du barixakutik gaur arte Olaizagan jokatu duten fasea, azken partidan Sanloko taldeari irabazita. Laukok ere ezin izan du Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzeko fasea jokatzeko sailkatu, finalerdietako partida penaltietan galdu eta gero.

Bi txapelketa jokatu dituzte asteburuan Olaizagan; senior mailako emakumezkoena bata eta jubenil mailako emakumezkoena bestea.

Joan den barixakuan hasi zen jubenil nesken Espainiako Txapelketako zortzi sektoreetako bat. Sanloko Astigarraga GYS Sport taldeak gol bateko aldeaz (24-23) irabazi zion Zamorako Angel Optico Zamora taldeari. Lehen jardunaldiko beste neurketan, Malkaitz Eskubaloia talde nafarrak 25-16 irabazi zion Kantabriako Liberbank BM Pereda taldeari. Bigarren jardunaldian, zapatuan, hemeretzina berdindu zuten nafarrek eta zamorarrek eta Elgoibarko taldeak 21-27 galdu zuen Kantabriako taldearen aurka.

Gaur goizean jokatu duten hirugarren eta azken jardunaldian, Zamorako taldeak eta Kantabriakoak jokatu dute lehenik. Liberbank BM Peredak garaipena lortuz gero, txapelketa ere eurena zen, baina lehen postua eskuratzeko aukerarik ez zuen Zamorako taldea gailendu da. Hala, azken partidan erabaki da faseko irabazlea, Malkaitz Eskubaloia eta Astigarragaren arteko partidan. Nafarrek hobeto hasi dute norgehiagoka eta bost goleko errentarekin (9-14) joan dira atsedenaldira. Bigarren zatian oldarkorrago irten dira kantxara elgoibartarrak eta bost eta hutseko partzialari esker, hamargarren minuturako markagailua berdintzea lortu dute, 14-14 hain justu ere. Nafarrek, baina, Astigarragako jokalarien oldarraldiari eutsi diote eta bizpahiru goleko errenta berreskuratu dute. Etxekoak markagailuan hurbiltzeko gogotik saiatu diren arren, ez dute lortu. Malkaitzek 21-24 irabazi du partida. Bost punturekin eurek irabazi dute Elgoibarko fasea eta Espainiako txapelketako azken fasea jokatuko dute, asteburuan jokatu dituzten beste zazpi faseetako irabazleekin batera.

Lorea Gabilondo Astigarragako entrenatzailea pozik dago taldeak eman duen mailarekin. "Saiatu gara, bagenekien azken partidan aurkari oso gogorra geneukala, Malkaitz puntako taldea baita. Lehen lerroan jokalari indartsuak dituzte eta defentsan gogorrago egoteko indar piska bat falta izan zaigu, beharbada. Kantxan dena eman dugu, ordea, eta hori hala izanda aurkaria zoriondu besterik ez dago. Laugarren sailkatu arren, gertu izan dugu lehen postua ere, eta, gainera, honaino ez da edonor ailegatzen", adierazi du Gabilondok.

2019 04 14 astigarraga sanlo vs malkaitz nafarroa espainia txap olaizaga elgoiba barren 1

 • Lauko igoera fasetik kanpo

Senior emakumezkoen sailkatze fasea ere jokatu dute, atzo eta gaur, Olaizaga kiroldegian. Kasu honetan, Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzeko fasea jokatzeko postu bat zegoen jokoan, eta lau talde lehian: Donostiako Bera-Bera, Zarauzko Aiala, Portugaleteko C.B. Jarrilleras eta etxeko taldea, Lauko Elgoibar. Zapatuan jokatu zituzten finalerdietan, C.B. Jarrilleras eta Aiala Zarautzek lortu zuten finalerako sailkatzea. Portugaleteko Jarrilleras taldeak penaltietan kanporatu zuen Lauko. Arauzko denbora 22nako berdinketarekin amaitu zuten eta luzapenaren amaieran ere ez zuten berdinketa hautsi, 26 eta 26 amaitu zuten partuda. Honenbestez, penaltietan erabaki zen kanporaketa eta bizkaitarrek lortu zuten garaipena, 4-2. Gaur goizean jokatu duten finalean, Aiala Zarautz taldeak 15-21 irabazi dio Jarrillerasi.

∞Lotura duten albisteak