Iñaki Gorosabel sailkapeneko aurreneko postuetan dago Andalucia Bike Race BTT proban, bere mailan

Barren.eus 2019ko api. 10a, 09:29

Espainian jokatzen diren mendi bizikleta proba garrantzitsuena da Andalucia Bike Race nazioarteko lasterketa. 30 herrialdetako 700 txirrindulari ari dira parte hartzen sei etapako proba gogorrean, eta horien artean da Gobike taldeko Iñaki Gorosabel Laspiur. Master 50 mailan lehiatzen ari da txirrindulari elgoibartarra eta sailkapeneko aurreneko postuetan dago.

Joan den astelehenean, apirilaren 8an, hasi zen Andalucía Bike Race probaren 9. edizioa eta zapatuan amaituko da, sei etapatan 375 kilometroko ibilbidea (6.830 metroko desnibel positiboa) osatu eta gero.

Lehen etapan erlojuaren aurkako proban lehiatu ziren txirrindulariak, eta Iñaki Gorosabelek egin zuen denborarik onena bere mailan, 50 urtetik gorakoetan. 37,5 kilometroko ibilbidea ordu bat 31 minutu eta 43 segundoan osatu zuen Gobike taldeko txirrindulariak. Zazpi segundoko aldea atera zion Miguel Lopezei eta lau minutu eta lau segundokoa hirugarren egin zuen Manuel Rodriguezi.

Bigarren etapan 75,2 kilometro eta 1.252 metroko desnibela poitiboa zuen ibilbidean lehiatu ziren eta seigarren potua eskuratu zuen Gorosabelek, bere mailan. Adin tarte horretan Miguel Lopez izan zen azkarrena, eta 20 minutu eta 55 segundoko aldea atera zion Gorosabeli. Lehen bi etapak jokatu eta gero, sailkapen nagusiko hirugarren postuan dago Gorosabel. Hirugarren etapa jokatzen dihardute gaur, apirilak 10. Probaren eta parte hartzaile bakoitzaren jarraipena egiteko aukera dago www.andaluciabikerace.com webgunean.

Sierra Morena mendikatean jokatzen ari diren proba honetan puntako txirrindulariak parte hartzen ari dira, besteak beste, Jose Antonio Hermida, lau alditan munduko txapelduna eta Atenaseko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina irabazitakoa, Carlos Coloma, Natalia Fisher, Tiago Ferreira (azken hiru edizioetako irabazlea), Hans Becking edo Hidegunnn G. Hovdenak.

∞Lotura duten albisteak: