Ibarluzeak bigarren egin du Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola-Joko Txapelketako tiraldian, hirugarrengoz jarraian

Barren.eus 2019ko api. 8a, 17:05

Garaipenaren atarian gelditu da oraingoan ere Angel Ibarluzea bolari elgoibartarra Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola-Joko Txapelketan. Bigarren postuan sailkatu zen Eibarren jokatu zuten hirugarren jardunaldian, jarraian lortzen duen hirugarren txapeldunordetza.

Soraluzeko San Andres auzoko bolatokian jokatu behar zuten Gipuzkoako txapelketako hirugarren jardunaldia, baina botatako euriaren ondorioz bolatokia erabiltzeko moduan ez zegoela-eta, Eibarko Asola Berriko bolatokian jokatu zuten tiraldia, joan den zapatuan. Etxeko bolari bat gailendu zen, Asola Berri taldeko Arkaitz Rodriguez, hain zuzen ere. Rodriguezek sei txirlo bota zituen hiru jaurtialditan, bigarren eta hirugarren sailkatu ziren Angel Ibarluzeak eta Jose Mari Gorosabelek bota zuten txirlo kopuru bera.

San Migel taldeko Angel Ibarluzea erabateko erregulartasuna erakusten ari txapelketa honetan, bigarren postua eskuratu baitu lehen hiru jardunaldietan: Idotorben, Bergara eta orain Eibarren. 61 bolarik hartu zuten parte Eibarko tiraldian.

2019 04 08 hiru txirlo bola txapelketa irabazlea arkaitz rodriguez asola berri eibar

 • Ibarluzea lidergoan: banaka, bikoteka eta taldearekin

Sailkapen nagusian Angel Ibarluzea dago lehen postuan, orain arte jokatutako hiru jardunaldietan 20 txirlo bota eta gero. Ganix Rodriguez eibartarra dago bigarren postuan (17 txirlo) eta Iker Arizmendiarrieta (14 txirlo).

Bikotekako sailkapenean Xabier Loiolak eta Angel Ibarluzeak osatutako bikotea dago lehen postuan, 27 txirlorekin. Asola Berri taldeko Alex Camposek eta Sergio Rodriguezek 25 txirlo dituzte botata eta bigarren postuan sailkatuta daude. Taldekako sailkapen nagusian San Migel A taldea dago lidergoan 50 txirlorekin, Asola Berri A taldeak baino hiru txirlo gehiagorekin eta Lastur A taldeak baino 13 txirlo gehiago botata.

Hurrengo jardunaldia Azkoitiko Floreagako bolatokian jokatuko dute, datorren zapatuan, apirilaren 13an, 17:00etan.

∞Lotura duten albisteak: