Ander Iñarra eta Maite Maiorak irabazi dute Kilimon Trail mendi lasterketa

Barren.eus 2019ko api. 6a, 22:47

Ander Iñarra eta Maite Maiora gailendu dira gaur Mendaron jokatu den Kilimon Trail mendi lasterketan. 2:02:51eko denbora egin du Iñarrak, eta 2:26:58koa Maiorak, eta ez batak ez besteak ez dute lortu gaur arteko markak ontzerik. Herriko korrikalari azkarrenak, berriz, Jon Larrañaga eta Maiora bera izan ziren. Ibilbide motzean, berriz, Gontzal Murgoitio (0:49:05) eta Marina Gonzalez (1:01:26) gailendu dira. Guztira, 330 bat korrikalarik parte hartu dute.

Arrakastatsua izan da beste behin Kilimon Trail lasterketa. Eguraldiak ere ateri eutsi dio lasterketa bukatu arte, eta jendetza batu da herrian korrikalariak ikusteko. Lasterketa luzean, marka ezarri zuen iaz Bartlomei Przedwojewski poloniarrak, Zegama-Aizkorriko maratoian hirugarren sailkatu zen gizonak. Bi orduren azpitik egin zuen poloniarrak (1:54), eta berea izaten jarraitzen du markak, 2:02:51ko denbora egin duelako gaur azkarrenak: Ander Iñarrak. Imanol Larrañaga sartu da atzetik helmugan, bi minutu eskasera, eta Kepa Vallejo sailkatu da hirugarren, 2:05:19ko denborarekin. Emakumezkoetan, ez da ezustekorik izan, eta Maite Maiora mendaroarra gailendu da, aise. Maiorak 2:26:58ko denbora egin du, eta hamahiru minutura sartu da helmugan bigarrena, Nerea Amilibia (2:39:10). 48 urterekin, sasoi betean dagoela erakutsi du Amilibiak, ehundik gora txapel aspaldi eskuratuak dituen korrikalari aiarrak. Hirugarren Garazi Sampedrok egin du, 2:49:46ko denborarekin. 

Ibilbide motzak, berriz, 11 kilometro pasatxo zituen eta ordubeteko baino gutxiago behar izan du Gontzal Murgoitiok (0:49:05) osatzeko. Haren atzetik sartu dira helmugan Iñaki Hormaetxe (050:45) eta iazko irabazlea, Zohiartze Moral (050:51). Lehenengo emakumea, berriz, Maria Gonzalez izan da. 1:01:26 minutu behar izan ditu Gonzalezek ibilbidea osatzeko. Haren atzetik sartu dira helmugan Cristina Villalobos (1.03:15) eta Mari Carmen Seijas mendaroarra (1:04:49). 

2019 04 06 KilimonTrail motzeko gizonak

2019 04 06 KilimonTrail motzekoak neskak