Astigarragak Olaizagan jokatuko du Espainiako Eskubaloi Txapelketako bigarren faseko sektorea

Barren.eus 2019ko mar. 28a, 15:43

Espainiako Eskubaloi Federazioak jakinarazi du jubenil nesken Espainiako Txapelketako zortzi sektoreetako bat Elgoibarren jokatuko dutela. Hala, Euskadiko txapelketan txapeldunorde gelditu zen Sanloko Astigarraga GYS Sport taldeak zaleen aurrean jokatuko du, beste behin ere, txapelketa garrantzitsua.

Espainiako Eskubaloi Txapelketako bigarren fasea hartuko duten zortzi egoitzetako bat izango da Elgoibar. Honenbestez, Sanlok bigarren urtez jarraian antolatuko du jubenil nesken mailako Espainiako Txapelketako lauko finaletako bat -iaz Tecnifuellek jokatu zuena antolatu zuten, azken fasea, hain zuzen ere-.

Aurtengoan Astigarraga GYS Sport taldearen txanda izango da. Astigarragak Liberbank Pereda (Kantabria), Angel Optico Zamora (Zamora) eta Malkaitz Eskubaloia (Nafarroa) izango ditu aurkari, apirilaren 12tik 14ra bitartean jokatuko duten lauko finalean. Irabazleak azken faserako sailkatzea lortuko du. 32 talde arituko dira lehian zortzi sektoreetan, eta irabazleek, zortzi talde onenek, jokatuko dute Espainiako txapelketako azken fasea.

Elgoibartarrek Burlatako Malkaitz talde nafarra izango dute aurkari aurten ere. Tecnifuellek Burlatan jokatu zuten bigarren sektorea irabazi zuen iaz, eta Sanloko taldeak Elgoibarren jokatu zuen gero azken fasea -laugarren egin zuten-.

∞Lotura duten albisteak

2019 03 28 astigarraga sanlo euskadi txap olaizaga elgoibar penaltia barren