Hodei Ezpeleta eta Julen Larrea gailendu ziren Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan, 23 urtez azpikoetan

Barren.eus 2019ko mar. 11a, 13:58

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finala jokatu zuten martxoaren 2an, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Gazte mailako Binakako Aizkolari Txapelketan Hodei Ezpeleta mendaroarrak eta Julen Larrea bizkaitarrak osatutako bikotea gailendu zen.

Herri kirolarientzako eta zaleentzako zita garrantzitsua izan zen Azpeitin jokatutakoa, lau final jokatu baitzituzten Izarraitz pilotalekuan: Urrezko Aizkolarien emakumezkoen banakakoa eta gizonekoen binakakoa —maila nagusian eta 23 urtez azpikoan— ; eta Urrezko Harri-jasotze Txapelketakoa.

Hodei Ezpeleta aizkolari mendaroarrak 23 urtez azpikoan hartu zuen parte Barakaldoko Julen Larrea Larrea III.a aizkolariarekin batera. Txapelketan parte hartzen zutenen artean gazteena izateaz gainera, 19 urte ditu, Ezpeletaren debuta izan zen Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finalean. Hamabi minutu eta hamabi segundoan moztu zituzten enborrak.  Gazte mailako aizkolariek sei enbor moztu behar zituzten, bi eratan: etzanda, 45 ontzako bi enbor -aizkolari bakoitzak bat-; eta, lan erditan, txanda librean, 60 ontzako lau enbor. Ezpeletak eta Larreak osatutako bikotea gailendu zen abiadura proban zein ariketa luzean. Oier eta Xuban Cañamares anaiak sailkatu ziren bigarren postuan (12:41), irabazleengandik minutu erdira. Aritz Azpiazu Arria VI.a eta Joxean Etxeberria sailkatu ziren hirugarren tokian (13:03). 

Azken urtean aurrerapausu handiak eman ditu Bihurri aizkolariaren semea den Hodei Ezpeletak: 2017an jubenil mailako Euskal Herriko txapela jantzi zuen, 3. mailatik 2. mailara igo zen, eta Euskal Herriko 25 aizkolari onenen artean dago, bera izanik gaztena.

2019 03 02 julen larrea hodei ezpeleta aizkola urrezko 23 irabazleegaz arg ibon errazu

*Argazkiak: Ibon Errazu.