Berdinketa eta emozioa Alcorta eta Somos Eibar taldeen arteko derbian

Barren.eus 2019ko mar. 7a, 11:35

Lehia eta emozio handiko derbia jokatu zuten Alcorta Forging Group eta Somos Eibar eskubaloi taldeek Olaizaga kiroldegian. Elgoibartarrek azken segundoetan sartutako gol bati esker berdinduta amaitu zen partida. Lauko senior emakumeen taldeak ere etxean jokatu zuen Urdaibairen aurkako ligako partida eta nagusitasunez irabazi zuten.

Gizonezkoen Lehen Maila Nazionaleko derbia jokatu zuten aurreko asteburuan Alcorta Forging Group eta Somos Eibar eskubaloi taldeek. Etxekoek urduri hasi zuten norgehiagoka eta bali dezente galdu zituzten lehen minutuetan. Lehen zatiaren amaierarako markagailuari buelta eman eta sei goleko errentarekin ailegatu ziren atsedenaldira. Eibartarrak grina handiz hasi ziren bigarren zatian eta etxekoek lehen bost minutuetan xahutu zuten markagailuan zuten aldea. Amaiera nahasia eta zoroa izan zuen partidak. 27. minutuan hiru golen aldearekin galtzen joatetik bi gol goitik jartzea lortu zuen Alcortak. Penalti bat huts egiteak eta bi baloi galtzeak markagailua 29-30 jarri zuen. Hala ere, Alcortako jokalariek ez zuten etsi, eta 10 segunduren faltan baloi bat lapurtu eta gola egin zuten. 30nako berdinketarekin amaitu zen partida. Amaieran, Europako Kirol Herria izendapenari dagokion banderarekin atera zute argazkia bi taldeek. Sailkapenean elkarren jarraian daude Debabarreneko bi taldeak. Somos Eibar 10. postuan dago, 19 punturekin eta11. pistuan Alcorta, 17 punturekin. Alcortak Trapagaranen jokatuko du hurrengo partida, 23. jardunaldikoa.

 • Laukok garaipen argia
Laukok ere etxean jokatu zuen Emakumezkoen Euskadiko Senior Mailako liga jardunaldia. Nagusitasun osoz irabazi zuten Urdaibairen aurkako partida, 34-13ko emaitzarekin. Partida serioa jokatu zuten Laukoko jokalariek eta lehen zatian egin zuten defentsako lana nabarmendu behar da. Lehen zatian bost gol bakarrik jaso zituzten eta 17 egin. Bigarren zatia lehenengoaren bide beretik joan zen, eta etxean gelditu ziren bi puntuak.
Hamazazpi jardunaldi jokatu eta gero, sailkapeneko bigarren postuan dago Lauko, 27 punturekin. Indupime Basauri taldea dago lehen postuan 34 punturekin eta 22 puntu dauzka hirugarren sailkatuak, Bera Berak. Hurrengo jardunaldia ere etxean jokatuko dute elgoibartarrek, Ereintzaren aurka. Ikus hemen asteburuko partiden ordutegia.

Sanloko taldeek joan den asteburuan jokatu zituzten partiden kronikak sanlo.net webgunean. 

2019 03 06 lauko elgoibar europa banderagaz sanlo