Joxe Mari, Arkaitz eta Leire Egaña gailendu dira Elgoibarko Ehiza Xehe Txapelketan

Barren.eus 2019ko mar. 4a, 15:22

Elgoibarko Ehiza Xeheko Txapelketa jokatu zuten domekan Arabako Zanbrana herrian. Egañatarrak gailendu ziren hiru kategoriatan.

La Union ehiza eta arrantza elkarteak antolatuta, ehiza xeheko Elgoibarko txapelketa jokatu zuten atzo, hilak 3, Zanbrana herrian dagoen ehiza barrutian. Gizonezkoetan Arkaitz Egañak irabazi zuen proba, sei eper ehizatuta. Iraitz Txurruka sailkatu zen bigarren postuan, hau ere sei eper ehizatuta. Carlos Condek egin zuen hirugarren lau eper eta galeper bat ehizatuta. Emakumezkoetan Leire Egaña gailendu zen, lau eper eta faisai bat ehizatuta. Beteranoetan Joxe Mari Egaña izan zen onena, bi eper ehizatuta. Honenbestez, egañatarrek eskuratu dituzte Elgoibarko txapelketan jokoan zeuden hiru txapelak, iaz gutxigatik lortu ezin izan zutena. Senior gizonezkoetako lehen hiru sailkatuek, beteranoetako lehen biek eta Leire Egañak Debabarreneko Ehiza Xehe Txapelketa jokatzeko sailkatzea lortu dute. Irailean jokatuko dute. Arkaitz eta Leire Egaña neba-arrebak dira egungo Debabarreneko txapeldunak.

•Leire Egaña saritu du Gipuzkoako Kirol Federazioen Elkarteak
Gipuzkoako Kirol Federatuaren Galan saria jaso zuen Leire Egañak. Afedegik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Kirol Federatuaren urteko sariak eman zituzten, eta Leire Egaña Bastida elgoibartarrak jaso zuen Ehiza kategoriako saria. Donostiako Aquariumean egin zuten galan jaso zuen saria, joan den otsailaren 13an. 2018an denboraldi "liluragarria" egin zuelako jaso du aitortza Egañak. "Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi ditu Ehiza Xehea Txakurrarekin modalitatean, eta Espainiako txapeldunordea da modalitate berean. Euskadiko txapelduna eta Gipuzkoako hirugarrena da, Espainiako Ehiza Ibilbideko Txapelketan sailkapen aipagarria du eta hirugarrena da Euskadiko Compak Sporting modalitatean", nabarmendu zuten sari emaleek.

Ikus hemen sarituen zerrenda eta sari banaketa ekitaldiko argazkiak: kirolak.net

2019 03 04 kirolak Gala2019 foru aldundia leire egana ehiza

 

∞Lotura duten albisteak