June Loidi nazioarteko txapelketa bat jokatzeko deitu du Espainiako selekzioak

Barren.eus 2019ko mar. 1a, 10:39

Espainiako eskubaloi selekzio nagusiaren deia jaso du June Loidi elgoibartarrak, aurreneko aldiz nazioarteko txapelketa bat jokatzeko. Espainiako taldeak aurten Japonian jokatuko den Munduko txapelketarako kanporaketa jokatuko du Islandiaren aurka, maiatza bukaeran, eta kanporaketa hori prestatzeko antolatu dute nazioarteko txapelketa.

Carlos Viver hautatzailearen deialdiko berrikuntza nagusia June Loidi (Elgoibar, 2.000) dela azpimarratu du Espainiako Eskubalaoi Federazioak, hamazortzi hautatuen berri ematerakoan. Urtebeteko epean egin duen hazkundea "oso azkarra" izan dela nabarmendu dute. Halakoxea izan da: iazko maiatzean, jubenil mailako Espainiako Eskubaloi Txapelketa jokatu zuen Loidik Tecnifuellerekin Olaizaga kiroldegian. Denboraldi amaieran emakumeen eskubaloiko goreneko mailan diharduen Barakaldoko Hotel Gran Bilbao Prosetecnisa Zuazo taldeak fitxatu zuen. Joan den abuztuan jubenil mailako Munduko Txapelketa jokatu zuen Espainiako selekzioarekin, Polonian. 

Denboraldi honetan, berriz, Espainiako Eskubaloi selekzio nagusiaren deialdietan sartzen hasi da Loidi, 2021ean Espainian jokatuko den Munduko Eskubaloi Txapelketa jokatzeko aukerak izan ditzaketen jokalari gazteenekin lan egin nahi baitu Carlos Viver hautatzaileak. Loidik saio horietan eginiko lanak konbentzitu egin du Viver, eta nazioarteko txapeketa bat jokatzeko deialdian sartu du, aurrenekoz. Espainiak Brasil, Serbia eta Suitzako selekzioen aurka jokatuko du XXIII. Nazioarteko Eskubaloi Txapelketan, martxoaren 21etik 23ra, Palentzian. Beranduago zen jokatzekoa txapelketa hori, baina aurreratu egin dute Espainiako taldeak Japoniako Munduko Txapelketarako kanporaketa jokatuko baitu maitza bukaeran, Islandiaren aurka. Kanporaketa hori prestatu nahi dute Palentziako Torneoan. Teledeporte kateak zuzenean emango ditu Espainiaren partidak.

2019 02 28 espainia eskubaloi selekzioa june loidi elgoibar

∞Lotura duten albisteak: