Maiorak laugarren egin zuen mendiko eskiko kronoigoerako Euskal Herriko Txapelketan

Barren.eus 2019ko ots. 27a, 11:58

Bandres-Karolo proba jokatu zuten asteburuan Izaban, Mendiko Eskiko Euskal Herriko Txapelketa jokoan zela, bai banakakoa eta baita kronoigoerakoa ere. Elgoibarko eta Mendaroko hiru eskiatzailek hartu zuten parte.

Antxon Bandresen eta Karlos Imirizaldu 'Karolo'-ren oroimenezko lasterketa erreferente bat da Euskal Herriko mendiko eskiatzaileentzat eta aurten ere halaxe izan da. 220 eskiatzailek hartu zuten parte zapatuan eta domekan jokatu zen Bandres Karolo memorialean. Aurtengoan gainera, beste edizio askotan ez bezala, eguraldia lagun zutela eta elur baldintza onetan lehiatu ziren eskiatzaileak. Proban parte hartu zuen Arkaitz Iruretak azaldu duenez, mendiko eskian ohikoa da aurreikusitako ibilbideak aldatu behar izatea, ibilbideak moztea gehienetan, mendiko eguraldi baldintza aldakorrak direla-eta. "Asteburu honetan, baina, eguraldi ona eta elur egonkorra izan ditugu. Ikusgarria izan da proba eta denok pozik, bai eskiatzaileak eta bai antolatzaileak".

Guztiarekin ez da baina konforme Irureta. “Azken aldian eski pisten inguruan egiten ari dira proba asko. Antolatzeko eta jarraipena egiteko erosoagoak diren arren, proba horiek deskafeinatuak dira niretzat, mendiaren xarma galtzen ari da. Aldiz, Euskal Herrian bertan gure eskiko txapelketak jokatzea, mendi-mendian eta gainera horrelako mailako proba, meritu handikoa da. Ikaragarria da antolatzaileek hartzen duten lana, eta aurtengoan, baldintza onak lagun, munduko lasterketa onenen pareko ibilbidea osatu dugu”.
Iruretak dioenaren lekuko, hona hemen David Arretxek dron batekin hartutako irudiak


Zapatuan jokatu zen bakarkako lasterketan, El Ferialeko iraupen eskiko pistetatik abiatu, eta 21 kilometroko eta 1.850 metroko desnibel positibokoko ibilbidea osatu zuten, Lakhura mendiaren bi isurialdeetan. Ibilbide alpino eta teknikoan lehiatu ziren eskiatzaileak eta Wilfrid Jumere akitaniarra izan zen azkarrena. Emakumeetan Igone Campos urretxuarra gailendu zen, hasieratik buruan joan ostean.
Hona Arkaitz Iruretak hartutako irudiekin osatutako bideoa.


Domekan kronoigoera jokatu zuten. 800 metroko goranzko desnibela egin ondoren, Larrondoa mendiko gailurrera ailegatu behar zuten. "Kronoigoerek ibilbide zuzena izaten dute normalean, baina proba honetakoa basoan barrena zenez, buelta eta buelta igo behar izan ziren, ibilbidea oso teknikoa bihurtuz", zehaztu du Arkaitz Iruretak. Emakumezkoen artean Igone Campos izan zen azkarrena, aurreko egunean moduan. Gizonezkoetan bezperan bigarren egin zuen Ivan Cuesta izan zen azkarrena.
 • Elgoibartarren eta mendaroarren emaitzak
Maite Maiora, Ainhoa Lendinez eta Arkaitz Irureta izan ziren Morkaikoko eta Leizarpeko ordezkariak. Aurten ezohiko denboraldia izaten ari da elgoibartarrentzat, "eski ordu gutxi eta lesioak tarteko", baina proba berezi honi ezin muzin egin, eta han izan ziren helburu bakarrarekin, "eski egun apart hauetaz lagunekin gozatu eta lesioak gainditzen doazela ikustea", azaldu dute.
Maite Maiorak asko arriskatu gabeko lasterketan bosgarren egitea lortu zuen larunbatean. Arkaitz Irureta 15. postuan sailkatu zen bakarkakoan.
Igandean berriz, larunbateko denboren arabera atera ziren kronoaren kontrako lanean. Basoan aurreratzeko leku errazik ez zegoenez, erabakigarria izan zen bezperan eginiko postua, "atzetik ateratzen ziren neska eta juniorrek ez zuten aurrekoekin leihatzerik eduki". Hala eta guztiz, lan txukuna egin zuen Maiorak, eta laugarren egin zuen. Podiumera igotzetik bi segundora gelditu zen. Ainhoa Lendinezek domekako proban bakarrik hartu zuen parte, eta atzetik aurrerako lasterketa egin ostean 10. postua lortu zuen. Iruretak 14, postua eskuratu zuen.
Javi Dominguezek argitaratutako bideo baten hasieran ikus daiteke Irureta helmugaratzeko unean, esprint betean.

Arkaitz Iruretak Ikusi Mendizaleak blogean argitaratu ditu 2019ko Karolo Bandres memorialeko kronika, irudiak eta bizipenak