Iñaki Beasain txapeldunorde Euskadiko atletismo txapelketan, 800 metroko lasterketan

Barren.eus 2019ko ots. 25a, 19:34

Pista estaliko gazte mailako Euskadiko Txapelketan ere emaitza onak lortu dituzte Elgoibartik joandako atletek. Hiru domina eskuratu zituzten, zilarrezko bat eta brontzezko bi.

Donostiako Belodomoan jokatu zuten joan den zapatuan pista estaliko gazte mailako Euskadiko Atletismo Txapelketa. 16, 18 eta 20 urtez azpiko atletak lehiatu ziren. Aurreko astean Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen Iñaki Beasain Ayerbe 800 metroko lasterketan lehiatu zen, 20 urtez azpikoen mailan. Mintxeta atletismo taldeko kideak bigarren egin zuen oraingoan, 2:03.85 denborarekin. Asier Del Arco bizkaitarrak irabazi zuen txapelketa (2:01.66). Proba berean lehiatu zen Aner Gallastegi mendaroarra ere, eta 10. postuan sailkatu zen finalean.

 • Brontzea eta marka pertsonala Ander Armendiarentzat
Super Amara Bidasoa Atletismo Taldeko kidea den Ander Armendia Gabilondok (Elgoibar, 2000) sasoi betean dagoela erakutsi zuen Euskadiko txapelketan. Mikel Anakabek gidatze duen taldean Elgoibarren entrenatzen den esprinter elgoibartarrak lau alditan ondu zuen bere marka pertsonala, lehiatu zen bi probetan; 60 metroko lasterketan eta 200 metrokoan. 60 metroko lasterketako finalerdietako kanporaketan 7 segundo eta 37 ehunekoan korritu zituen 60 metroak, bere marka pertsonala onduz. Armendiak bigarren egin zuen bere seriean, baina eginiko denborari esker sailkatu zen finalera. Finalean ehuneko batean ondu zuen bere marka pertsonala (7.36) eta bosgarren postuan sailkatu zen. Jon Alonsok irabazi zuen proba (7.17). Goizean jokatu zen 60 metroko proba eta arratsaldean 200 metroko lasterketan hartu zuen parte Armendiak. Finalerdietako kanporaketan bere seriea irabazi zuen elgoibartarrak, bere markarik onena eginda (23.21). Finalean hiru ehuneko jan zizkion finalerdietan eginiko denborari eta 23 segundo eta 18 ehuneko denborarekin hirugarren postuan sailkatu zen Armendia. Julen Diazek irabazi zuen finala (22.39)
 • Brontzezko domina luzerako jauzian
Eider Iglesias Alconero (Mendaro, 2001) Mintxetako kideak brontzezko domina irabazi zuen luzerako jauzian, 20 urtez azpikoen mailan. Gipuzkoako txapelketan egin zuen moduan, azken saiakeran, seigarren jauzian, lortu zuen emaitzarik onena. Bost metro eta hamalau zentimetroko jauzia egin zuen eta podiumeko hirugarren kaxoira igo zen. Gipuzkoako txapelketan txapeldunorde izan zen aurreko astean 5,21 metroko jauziarekin.
Mintxeta taldeko atleta gehiago ere lehiatu ziren Euskadiko txapelketan. Andoni Oriok bere marka pertsonala ondu zuen 400 metroko lasterketan, 58.74ko denbora eginda, eta 11. postuan sailkatu zen. Maialen Izagirre ere 400 metroko proban lehiatu zen eta 12. postua eskuratu zuen (1:09.72). Zakariae el Hachmi 18 urtez azpikoen 800 metroko lasterketan lehiatu zen eta 8. postua lortu zuen (2:12.83). (gazte mailako Euskadiko Txapelketako emaitzak -PDF-
Nerea Sasiain Euskadiko txapelketan parte hartzekoa zen eta garaipena lortzeko faboritoetako bat ere bazen, Gipuzkoako txapelketa irabazi eta gero. Belaunean min arin bat zuela-eta, arriskurik ez hartzea eta parte hartzeari uko egitea erabaki zuen, batez ere, datorren asteburuan, martxoaren 1ean eta 2an, Espainiako Atletismo Txapelketan parte hartzekoa delako.