Iñigo Larizek bosgarren egin zuen Apuko Igoeran, mendiko bizikletako proban

Barren.eus 2019ko ots. 21a, 15:25

Enkanterrietan jokatu zuten Apuko Igoeraren hamabigarren ekitaldia, Gueñesko Zaramillo auzoan, zehazki. 23 kilometroko mendiko trail lasterketa da, 1.100 metroko desnibel positiboarekin, eta mendiko bizikletan edo oinez egin daiteke.

Iñigo Lariz mendiko bizikletarekin lehiatu zen, aurten Elgoibarren sortu duten Gobike master mailako txirrindularientzako taldea ordezkatuz. Izan ere, errepidean aritzeaz gainera, mendiko bizikletako zenbait probetan lehiatzeko asmoa ere badute zenbait taldekidek. 

Apuko Igoeran 150 txirrindulari inguru lehiatu ziren eta Miguel Sanchez izan zen guztietan azkarena (1:16:41). Jose Antonio Diez Arriolak egin zuen bigarren eta Xabier Murias sailkatu zen hrugarren postuan. Iñigo Larizek bosgarren postua eskuratu zuen 1:24:47ko denbora eginda. (ikus sailkapenak -PDF)
Oinezkoen lasterketan 650 korrikalarik hartu zuten parte eta Oihana Azkorbebeitia eta Asier Larruzea gailendu ziren.