Atleta elgoibartarrek emaitza onak lortu dituzte Gipuzkoako Txapelketan

Barren.eus 2019ko ots. 19a, 10:55

Pista estaliko gazte mailako Gipuzkoako Atletismo Txapelketa jokatu zuten zapatuan Anoetako Belodromoan. Elgoibartik joandako atletek bost domina eskuratu zituzten, bi urre, zilarrezko bat eta bi brontzezkoak. Era berean, Gipuzkoako Eskolarteko Kros Txapelketan ere emaitza onak lortu dituzte Mintxetako ordezkariek.

16, 18 eta 20 urtez azpiko Gipuzkoako atleta onenak lehiatu ziren zapatuan Donostian jokatu zen Gipuzkoako Txapelketan. Mintxeta Atletismo Taldeko zortzi kidek eta Super Amara Bidasoa Atletismo Taldeko bik, elgoibartarrak biak -Nerea Sasiain eta Ander Armendia-, hartu zuten parte txapelketan. 

Aurreko asteburuan senior mailako Euskadiko atletsmo txapelketa -400 metroko lasterketa- irabazi zuen Nerea Sasiainek 200 metroko lasterketa korritu eta irabazi zuen oraingoan, 20 urtez azpikoen kategorian. Finalean 25 segundo eta 72 ehunekotan osatu zituen 200 metroak, denboraldiko markarik onena. Zapatu honetan, otsailaren 23an, pista estaliko gazte mailako Euskadiko Txapelketan hartuko du parte antxitxikari elgoibartarrak, bere proban, 400 metrokoan. Espainiako Txapelketan parte hartzeko gutxienekoa lortuta badu ere, ahalik eta marka onenarekin joaten saiatuko da.
Iñaki Beasainek ere urrezko domina irabazi zuen Gipuzkoako Txapelketan, juniorretan. Mintxeta taldean diharduen atleta debarrak 800 metroko lasterketa irabazi zuen, 2:02.79ko denbora eginda. Aner Gallastegi mendaroarra 11.postuaan sailkatu zen (2:20.24). Zakariae el Hachmi elgoibartarra ere 800 metroko lasterketan lehiatu zen, jubenil mailan, baina. Distantzia horretako lasterketa bat korritzen zuen estreinako aldia izan arren, primeran moldatu zen eta hirugarren egin zuen (2:11.60).
El Hachmi taldekideak moduan, Andoni Oriok ere estreinakoz hartu zuen parte 400 metroko lasterketa batean eta honek ere zilarrezko domina eskuratu zuen 59 segundo eta 26 ehuneko denbora eginda. 18 urtez azpikoetan lehiatu zen atleta debarra. Maialen Izagirrek bi probetan hartu zuen parte. Seigarren postuan sailkatu zen 400 metroko lasterketan eta 12. postua lortu zuen 200 metrokoan. Ander Armendiak 60 metroko lasterketan hartu zuen parte. Finalaurreko kanporaketan 7.38ko denbora egin zuen, bere marka pertsonala, eta finalerako sailkatu zen. Finalean bosgarren egin zuen finalerdietako marka berbera eginda, 7.38. Espainiako txapelketan parte hartzeko gutxieneko denboratik gertu gelditu zen. Euskadiko Atletismo Txapelketan saiatuko da gutxienekoa lortzen, datorren zapatuan.
 • Zilarrezko domina Eider Iglesiasentzat luzera jauzian
Mintxetako hiru atletek hartu zuten parte luzera jauzian, neskak hirurak. Eider Iglesias mendaroarrak txapeldunorde izatea lortu zuen 20 urtez azpikoen kategorian, bost metro eta 21 zentimetroko jauzia eginda. Azken saiakeran egin zuen zilarrezko domina irabazteko jauzia. Leire Etxabe soraluzearrak 6. postua lortu zuen 16 urtez azpikoetan (3,68 m.) eta Cristina Marcos zazpigarren postuan sailkatu zen 18 urtez azpikoetan, 3,80 metroko jauziari esker. (Gipuzkoako Txapelketako emaitzak -PDF-)
 • Emaitza onak Gipuzkoako Kros Txapelketan
Alebin eta infantil mailako atletentzako Gipuzkoako Eskolarteko Kros Txapelketak jokatu zituzten domekan Legazpin, eta Mintxetako alebin nesken taldeak bigarren postua lortu zuen. Honako hauek dira taldea osatu zuten kideak eta bakoitzak lortutako emaitzak: Nerea Garate (13.postua), Ane Aguirregomercorta (17.postua), Nora Treviño (19.postua), Laiene Iraolagoitia (20.postua) Nere Arregi (22.postua), Maite Gurrutxaga (23.postua), Marina Zubiaurre (31.postua), Aroa Saez (41.postua), June Galeano (42.postua), Eider Caro (43.postua). 
Mintxetako beste bi kidek infantil mailako proban hartu zuten parte. Helene Zubiaurre 15.postuan sailkatu zen, nesketan. Mutiletan 8. postuan sailkatu zen Anwar El Hassouni, eta postu horri esker Euskadiko Kros Txapelketarako sailkatzea lortu du.

2019 02 19 gipuzkoa kros txapelketa mintxeta elgoibar alebin infantilak

2019 02 16 gipuzkoa atletismo gazteak elgoibar belodromoan

2019 02 16 gipuzkoa atletismo gazteak elgoibar ander armendia

2019 02 16 gipuzkoa atletismo gazteak elgoibar ander armendia sprint 60

2019 02 16 gipuzkoa atletismo gazteak elgoibar nerea sasiain podium

2019 02 16 gipuzkoa atletismo gazteak elgoibar zakariae el hachmi

2019 02 16 gipuzkoa atletismo gazteak andoni orio elgoibar