Hiru elgoibartar saritu dituzte Euskal Mendizaletasunaren Galan

Barren.eus 2019ko ots. 17a, 12:16

Euskal Mendizaletasunaren 23. Gala ospatu zuten otsailaren 15ean Elorrion. Euskal Mendizale Federazioak 2018ko mendiko kirolari onenak saritzeaz gainera, Pyrenaica sariak ere banatu zituzten. Azken horietan, sarrera gehien izan dituen kolaboratzailearen saria jaso zuten Izaskun Estibaritzek eta Jose Inazio Izagirrek, Mendikolore blogean idatzitako artikuluengatik. Alberto Fernandezek, berriz, jarduera alpinistikoko onenaren Andres Espinosa saria jaso zuen.

Elorrioko Erdella mendi taldeak dantza, musika eta umorea uztartu zituen Euskal Mendizaletasunaren 23. Gala antolatu zuen barixakuan, Elorrioko Arriola antzokian. Zigor Iturrieta eubarrak eta Ainhoa Lendinez kazetari elgoibartarrak aurkeztu zuten gala. Lendinezek saria jaso zuen iazko Pyrenaica sarietan eta beste bi elgoibartar saritu dituzte aurten EMF-ren Pyrenaica aldizkariak banatzen dituen sarietan. “Pyrenaica”-ko emakumeen blogaren IX. sarian sarrera gehien izan dituen kolaboratzailearen saria jaso zuten Estibaritzek eta Izagirrek. Argazkilari amorratuak dira biak, eta mendiko ibilbideak dibulgatzea da beraien pasioa. Mendikolore blogean uztartzen dituzte bi pasioak 2011. urtetik gaur arte. Maketazaile lanetan aritzen da Izaskun eta Jose Inaziok idazten ditu testuak. 2014an ere jaso zuten Pyrenaica sarietako bat, Tresviso: bidexka sinesgaitzak izeneko artikuloagatik. Bigarren saria jaso zuten mendiko artikuloen lehiaketan.

 • Jarduera alpinistiko onena Bizipenak bideagatik
Jarduera alpinistikoko onenaren Andres Espinosa saria hirukote batek jaso zuen: Iñaki Arakistainek, Joseba Larrañagak eta Alberto Fernandez elgoibartarrak. Hiru mendizale gipuzkoarrek, Mikel Zabalza nafarrarekin batera, Bizipenak izena jarri zioten bide berria zabaldu zuten Drangnag-ri mendian (6.802 metro), Himalaian. Mendi horretako hego mendebaldeko ertzetik egiten den lehen igoera osatu zuten, estilo alpinoan. Elorrioko Galan Joseba Larrañagak jaso zuen saria hiru sarituen izenean. Euskal Telebistako Oreka saioan eman zuten espedizioaren berri Fernandezek eta Larrañagak. Alberto Fernandezek 2015ean ere irabazi zuen Andres Espinosa saria

2019 02 15 euskal mendzaletasun gala elorrio pyrenaica saria ekaitz anda

2019 02 15 pyrenaica sariak euskal mendizaletasun gala mendikolore elgoibar blog