Imanol Cid: “Lur gaineko Munduko Mushing Txapelketan lehiatuko naiz Lituanian”

Barren.eus 2019ko ots. 8a, 08:09

Musherra da Imanol Cid (Elgoibar, 1992), txaakurrek tiratako leren gidaria. Txirrindularitza mundutik ailegatu zen mushingera, eta kirol honetan urte gutxi daramatzan arren, pausoz pauso aurrera egiten dihardu. Lur gaineko Munduko Mushing Txapelketa du begiz jota orain. Lehiakorra dela dio eta lasterketetan gozatzen duela. Lasterketetara sasoi betean ailegatzeko, baina, txakurrak prestatzeko aurrelan handia egin behar da. (elkarrizketa dauka)

-Nola hasi zinen mushing deritzon txakur leren lasterketan parte hartzen? 

Kobirekin hasi zen dena, duela bost urte erosi nuen artzain-txakur aleman batekin. Txakur Kros (canicross) txapelketetan lehiatzen hasi ginen. Txakur Krosa txakurrarekin korrika egitea da. Txakurrak arnes homologatua darama eta gu beti atzean goaz arnes batekin eta soka elastiko batekin, kolpeak arintzeko. Lotuta goaz eta batera antxitxika egiten dugu. Kobi eta biok segituan moldatu ginen lasterketetara eta postu onak lortu genituen hasieratik. Aurrenekoekin lehian ibiltzeko, baina, beraiek zebiltzaten arrazako txakurrekin lehiatzea ezinbestekoa zela konturatu nintzen. Hala erosi nuen nire estreinako txakur nordikoa: Atila. Alaskano arrazakoa da, pointer eta galgo nahasketa batekin. Txakurrok askoz azkarragoak dira ibilbide laburreko lasterketetarako husky, malamute edo samoiedo arrazako txakur nordikoak baino; horiek zeharkaldietan erresistentzia handiko animaliak dira.

-Atila txakurrarekin ere Txakur Krosetan lehiatzen jarraitu zenuen?
Bai, eta Espainiako Txakur Kros txapelketa batean ere hartu genuen parte, Baqueiran. Zortzigarren postua lortu genuen arren, hortik gora sailkatu ziren parte hartzaileek sekulako erritmoa zutela ikusi nuen. Podiumera igo zirenak gai ziren kilometroa hiru minutu azpiko denbora azpitik egiteko. Prestakuntza handia eskatzen du horrek. Beste modalitate bat probatzea erabaki nuen orduan. Bizikleta mundutik nator ni eta txakurrari bizikleta lotuta lehiatzen hasi nintzen hurrengo den
boraldian. Lur gaineko Espainiako Mushing Txapelketan ere hartu genuen parte. Negua ailegatu zenean, baina, beste txakur bat erosi nuen, eta hurrengo denboraldian bi txakurrek tiratutako patineteen modaliatean lehiatu nintzen, DS2 izenekoan. Eta hor jarraitzen dut. Bigarren denboraldia dut honakoa. Pausoz pauso egin dudan ibilbidea izan da orain artekoa. Ikusi, probatu eta ikasi.

-Eta zein da mushingean eman nahi duzun hurrengo pausoa?
Batetik, lau edo sei txakurrekin lehiatzea da nire asmoa, hurrengo denboraldian ez bada aurreragokoan. Modalitate horietan dago ‘benetako’ mushinga. Europan kirol honetan lehiatzen den jendeak ez du ezagutzen bi txakurrek tiratutako mushing modalitaterik, eta munduko txapelketetan ere ez dago halako kategoriarik, ez behintzat elur gaineko txapelketetan. Lau, sei, zortzi, hamar eta hamabi txakurrek tiratutako txakur leren txapelketak daude. Bestetik, hurrengo urtean lur gaineko Munduko Txapelketan parte hartzea gustatuko litzaidake, bi txakurrek tiratutako patineteen modaliatean.

-Non jokatuko da Munduko txapelketa?
Lituanian izango da, azaroan. Bidaia luzea da, 3.000 kilometro ingurukoa, eta errepidez egin behar da, ohitu gabe dagoen txakur batentzat arriskutsua baita hegazkinean bidaiatzea. Batzuk aztoratu egiten ditu hegaldiak eta lehiatzeari ere laga behar izan dioten kasuak ezagutzen ditut. Hortaz, ziurrenik, autokarabana bat partekatuko dut beste partaide batzuekin eta atoi handi batean eramango ditugu zakur guztiak. Oso ondo etorriko litzaidake babesle bat bidaia luze horrek eta txakurren elikadurak dituen gastuetarako. Emaitza nahiko onak lortu ditugu orain arte; hor dago gure palmaresa, hortaz, inor animatzen bada jar dadila gurekin harremanetan.

2019 02 06 2018 03 13 imanol cid mushing elurretan

-Hutsetik hasi zara. Zure kabuz ikasi dituzu ikasi beharrekoak?
Alvaro Lopez Cobo musher kantabriarra izan dut gidari orain arte eginiko ibilbidean eta hartu ditudan erabakietan.
Asko irakatsi dit entrenamenduetaz, txakurren elikaduraz... Bera moduan neu ere Kantabriako Mushing Federazioan federatuta nago, azken hiru urteetan. Gipuzkoakoan ere egon nintzen federatuta, baina Kantabriakoan mimo gehiagoz tratatzen gaituztela ikusi dut, eta han jarraitzen dut.

-Nolakoak dira egiten dituzuen entrenamenduak?
Zaldibar eta Elorrio inguruetara joaten gara, Aixola urtegiaren gainaldean dagoen mendiko pista batera. Batazbeste 28 eta 32 kilometroko orduko abiaduran ibiltzeko moduko pista egokia da; aldapatsua baina ez larregi.

-Abiadura handia da 32 kilometro orduko.
Bai, eta bataz bestekoa da hori, 42 kilometro orduko abiadurak ere harrapatzen ditugu. wZenbatean behin entrenatzen duzue? Hiru bat hilabete inguruko entrenamendua beharrezkoa da elur gaineko denboraldira sasoi betean ailegatzeko. Lau bat bider joaten naiz astean, irailaren bukaeran edo urriaren hasieran hasita. Eguraldiak baldintzatzen du noiz hasi gaitezkeen. 13 gradu baino gehiago badaude ezin dugu entrenatu, ez baita tenperatura egokia txakurrentzat. Lasterketak ere bertan behera lagatzen dituzte 15 gradu baino gehiago badaude, txakurrak hiltzeko arriskuan ere egon daitezkeelako. Txakurrek daukaten dena ematen dute hasieratik eta ez dute gorputzaren gaineko kontrolik korrika hasten direnean; gidariak geldiarazi behar ditu. Segituan igartzen da bost gradurekin edo hamabirekin ez dutela berdin korrika egiten. Hotz gehiagorekin askoz azkarrago eta erosoago doaz. Hiru edo lau gradutan moldatzen dira hobekien. Halaxe diseinatuta daude.

-Zenbat eta txakur gehiago eduki entrenamenduak desberdinak izango dira, ezta?
Bai. Txakur Kroserako edo patineteen modalitaterako entrenamenduek ez daukate zerikusirik. Lehiaketan erabiltzen dugun patineteak 12 bat kilo pisatzen ditu, baina entrenamenduetarako 30-40 kilo inguruko scooter bat erabiltzen dugu. Erditik moztu eta soldatu dugun scooter bat moldatu dugu. Sei txakurretik aurrerako leretan Quad motorrak erabiltzen dituzte entrenamenduetarako, eta txakurrek aise mugitzen dute quadaren 300 kiloko pisua. Une honetan hiru zakurrekin ari naiz entrenatzen. Gazteena txakurkumea da oraindik, eta poliki-poliki sartzen ari naiz beste biek osatzen duten taldera. Garrantzitsua da ondo eramaten diren txakur bikoteak osatzea eta entrenamenduekin lortzen da hori. Bateragarriak izan behar dute eta taldelanean aritu. Izan daiteke txakur bat oso azkarra, baina aginduak jasotzerakoan despistatu egiten bada, alferrik da. Zentratuak eta otzanak behar dute izan, eta energia handikoak aldi berean. Ezaugarri kontrajarriak diruditen arren, hori da lortu behar den oreka.

2019 02 06 imanol cid mushing elgoibar elurretan txakurregaz

-Atletak dira txakurrok. Elikadura berezia izango dute, ala?
Txakurrentzako pentsua, haragi pixka bat eta gehigarri batzuk, –elektrolitoak eta antzerakoak–, ematen dizkiegu, egiten dituzten ahaleginetatik errekuperatzeko. Atleta profesionalak dira. Sprint erako probetan, txakurraren meritua da %80a eta %20a musherrarera. Txakur krosean erdi eta erdi, batak zein besteak sasoi betean egon behar baitute. Patineteen modalitatean %70 da txakurarren meritua eta %30 musherrarera. Eta, noski, zenbat eta txakur gehiago izan lan gehiago egin behar da guztiak zaintzeko eta elikatzeko. Sakrifizio handia eskatzen du zaletasun honek. Askotan entrenatzen dugu eguraldi txarrarekin eta desordutan ere bai, 23:00etan-eta: lanetik 20:00etan irteten naizelako; eta, batzuetan tenperatura hoztu arte itxaron behar dugulako.

-Non gordetzen dituzu txakurrak?
Azkue auzoan daukadan txoko batean. Kenell edo txakurtoki bat eraiki nahi dut zazpi edo zortzi txakurrentzako. Dirua balio du, ordea, eta ondo etorriko litzaidake Udalaren laguntza.Sen handiko animaliak dira, ehiztariak, eta toki aproposa behar dute.

-Pirena da txakur leren proba ezagunena Europa hegoaldean. Maite Barruetabeña elgoibartarrak pare bat alditan hartu zuen parte orain dela urte batzuk. Erakartzen zaituzte halako zeharkaldi luzeek?
Gustatuko litzaidake halakoren bat korritzea, bai, etorkizunean... Pirenako antolatzaileek, baina, lasterketa bertan behera lagatzeko erabakia hartu zuten 2012an. Gos Artic lasterketa da haren parekoa, indarra hartzen ari dena, distantzia ertaineko etapak dituena. Motelago doaz txakurrak, baina erritmo konstantea mantendu behar da kilometro askoan. Gaur-gaurkoz nire txakurrak ez daude horrelako probetarako prestatuta, distantzia laburragoko lasterketetarako eta erritmo biziagoan korrika egiteko baizik.

-Elur gaineko denboraldia hastera doa. Ze asmo dituzu?

Lasterketarik ez dagoen asteburuetan Alto Campooko eski estaziora joango naiz elurretan entrenatzera. Lau kilometro eta erdiko zirkuitu bat dute han, mushingean ibiltzeko egokitua. Otsailaren 16 eta 17an Leonen jokatuko den proba batean lehiatuko naiz. Gero, martxoaren 910ean Espainiako Txapelketan parte hartzeko asmoa dut, Baqueira Bereten. Iaz bigarren egin nuen.

2019 02 06 imanol cid mushing elgoibar lasterketan v

 imanol cid mushing lurrean elgoibar

2019 02 06 imanol cid mushing auto elgoibar

2019 02 05 imanol cid mushing elgoibar txakurrak korrika 2

2019 02 05 imanol cid mushing elgoibar kobi