Kirol egitarau bete-betea izango du Elgoibarrek aurten Europako Kirolaren Herria izendapena ospatzeko

Barren.eus 2019ko ots. 5a, 18:59

2019an Elgoibarren egingo diren kirol jardueren egutegia aurkeztu dute gaur. 64 kirol ekintza antolatu dituzte “Elgoibar Europako Kirolaren Herria 2019” izendapena ospatzeko, ohikoak gehienak eta bereziak beste zenbait, boxeo jaialdia eta Euskadiko Txirrindulari ginkana, besteak beste. Festa nagusia, baina, ekainaren 22an izango da.

Elgoibarko kirol talde eta elkarteetako, Udal Musika Bandako eta Udal Kirol Patronatuko ordezkariek 2019 urterako herrian antolatu dituzten kirol jardueren programazio-egutegia aurkeztu dute gaur udaletxean. “2019an Elgoibar Europako Kirolaren Herria izendatu izana ospatu nahi dugu eta urte guztirako antolatu dugun programa aurkeztu nahi diegu herritarrei", azaldu du Elgoibarko alkate Ane Beitiak. "64 ekitaldiz osatutako zerrenda luzea begiratzea besterik ez dago konturatzeko Elgoibarko kirola bizi-bizi dagoela. Asteburuero partida mordo bat jokatzen dira Olaizagan, Mintxetan edo Ikastolako frontoian, baina, horiez gainera, 64 kirol ekintzaz osatutako egutegia izango dugu 2019an Elgoibarren. Sekulakoa da", esan du Udal Kirol Patronatuko zuzendari Ramon Mujikak. Ekitaldi gehienak herriko kirol taldeek urtero antolatzen dituzten ohiko ekintza eta jardueak dira; beste batzuk, aldiz, bereziagoak dira, eta Europako Kirolaren Herri izendatu izana ospatzeko antolatu dituzte. 

 • Festa handia, ekainaren 22an
Izendapena ospatzeko antolatutako ekitaldi nagusia ekainaren 22rako antolatu dute. Herrian egiten diren kirol guztiak edo ia denak kalean erakustea nahi dute egun horretan. "Herriko kaleak eta plazak kirolez bete nahi ditugu ekainaren 22ko festan", azaldu du Mujikak.
 • Boxeo jaialdia
Ekainaren 8an Olaizaga kiroldegiko kantxan egingo duten boxeo jaialdia izango da beste berezitasunetako bat. Lau edo bost borrokaldi izango ditu jaialdiak eta Ixa Rodriguez boxeolari solaruzetarrak egingo duen borrokaldia izango da nagusia. Rodriguz hainbat urtean Udal Kirol Patronatuko monitore izandakoa dela gogora ekarri du Ramon Mugikak. Gaur egun boxeolari profesionala da.
 • Udal Musika Bandaren kontzertu berezia
Kirol ekitaldiak ez izan arren, kirolarekin zerikusia dutenak izango dira batzuek. Udal Musika Bandak irailaren 22an emango duen kontzertu berezia izango da horietako bat. "Kirolarekin zerikusia duten piezak joko dituzte eta ezustekoren bat edo beste prestatzeko asmoa ere badute", aurreratu du Mujikak.
 • Nazioarteko futbol txapelketa
CD Elgoibarrekin elkarlanean nazioarteko futbol txapelketa bat antolatzeko asmoaren berri ere eman du Udal Kirol Patronatuko zuzendariak. Jubenil mailako futbolarientzako txapelketa izango da eta Ingalaterra eta Portugalgo talde bana ekartzeko asmoa dute. "Lau talde batu nahi ditugu Mintxetan abuztuaren 22an. Ohorezko mailan diharduen Realaren taldeak baieztatu digu parte hartuko dutela, eta Espainiako talderen bat ere ekarri nahi dugu".
 • Lau Nazioen eskubaloi Txapelketa
Goi mailako eskubaloiaz gozatzeko aukera ere izango da, beste behin ere. Emakumezkoen eskubaloiko Lau Nazio Txapelketa hartuko du Elgoibarrek ekainaren 1ean eta 2an.
 • Danborradan ere bai
Atabal elkarteak Trinitate jaietan antolatzen duen nagusien danborradan ere izango du lekua Europako Kirolaren Herri izendapenak.

2019 02 05 elgoibar kirolaren europako herri 2019 egitaraua aurkezpena m