Imanol Cid hirugarren lur gaineko Espainiako mushing txapelketan

Barren.eus 2019ko urt. 29a, 17:48

Lur gaineko Espainiako txapelketan zein Kopan lehiatu da Imanol Cid Cortes elgoibartarra, 'mushing'ean. Batean zein bestean lortu ditu emaitzak onak eta elur gaineko denboraldian lehiatuko da orain bere txakurrekin.

Lur gaineko mushing denboraldia amaituta, Imanol Cid pozik da lortu dituen emaitzekin. Batetik, hirugarren postua lortu zuen lur gaineko Espainiako Mushing Txapelketan. Kantabriako Rebollar de Ebro, Rocamundo eta Polientes herrien artean jokatu zuten proban 300 lagunek eta 456 txakurrek hartu zuten parte, mushing-ak dauzkan hainbat modaliatetan: canicross, bikejoring, scooter, e.a. Imanol Cid bi txakurrek tiratutako patineteen modaliatean lehiatu zen, DS2 izenekoan, Darko eta Atila txakurrekin. Eguraldi makurraren ondorioz 4,7 kilometroko ibilbidea erdira laburtu zuten antolatzaileek eta lokatz artean jokatu zuten txapelketa.

 • Espainiako Kopan ere hirugarren postua

Lur gaineko Espainiako Kopan ere lehiatu da Imanol Cid. Kopako lehen proban bigarren postua lortu zuen Hostalricen, Katalunian. Boboras, Galizian, jokatu zuten Kopako bigarren proba, eta bosgarren egin zuen musher elgoibartarrak. Hirugarren eta azken proba La Fresnedan, Asturiasen, jokatu zen eta txapeldunorde izatea lortu zuen. Hala, hiru probetan lortutako puntuekin sailkapen nagusiko hirugarren postua eskuratu du.
Elur gaineko mushing denboraldia hasiko da orain eta iaz lortutako emaitza onak erepikatzen saiatuko da elgoibartarra. Iaz txapeldunorde izan zen Baqueira Bereten jokatu zen Espainiako txapelketan.

2019 01 28 imanol cid elgoibar musher lurrean podium

2019 01 28 imanol cid elgoibar musher lurrean txakurregaz

2019 01 28 imanol cid elgoibar musher lurrean txakurregaz lokatza v1