Mugertza krosari buruzko marrazki lehiaketako irabazleek jaso dituzte sariak

Barren.eus 2019ko urt. 14a, 12:46

LXXVI. Juan Muguerza Krosa Marrazki Lehiaketaren laugarren ekitaldia antolatu dute Elgoibarko Udalak eta Mintxeta Atletismo Taldeak. Guztira 337 lan aurkeztu dituzte eta irabazleek joan den zapatuan jaso zituzten sariak.

Herriko 6 eta 12 urte bitarteko 337 umek (iaz 509 umek) hartu dute parte Elgoibarko Udalaren Haur eta Gazteen Sustapeneko Sailak eta Mintxeta Atletismo Taldeak antolatutako lehiaketan. Epaimahaikideek jakinarazi dutenez, maila oneko marrazkiak aurkeztu dituzte lehiaketara. Joan den zapatuan egin zuten sari banaketa ekitaldia udaletxean, Muguerza Kroseko korrikalariak aurkezteko saioa hasi baino lehenago. Saritutako lanak eta sarituak izan gabe epaimahiaren galbaea pasa dutenak Olaizaga kiroldegiko harreran ipiniko dituzte ikusgai, otsailaren 1etik 28ra bitartean. 

Sariei dagokionez, herriko kirol dendetan gastatzeko erosketa baleak jaso zituzten sarituek (60 euroko sei bale guztira). Hona hemen kategoria bakoitzeko irabazleak:

  1. Lehen kategorian (LH1-2): Sare Meabebazterretxea Sanz (2019ko Kros Mugertza) eta Kenai Ibañez Fernandez (La, la, la krosa aurrera).
  2. Bigarren kategorian (LH3-4): Duna Santos Otegi (Denok desberdinak izan arren, denok krosera!) eta Elaia Etxaniz Irureta (Korrikalariak aurkezten).
  3. Hirugarren kategorian (LH5-6): Juan Gabilondo Iranzo (Juan Mugertza 76) eta Aiana Ibañez Fernandez (Batzuetan irabazten duzu, beste batzuetan ikasi)

•II. Instagram lehiaketa abian da
Elgoibarko Gaztelekuak 2001 eta 2006 urteen artean jaiotako nerabeei zuzendutako Instagram lehiaketa antolatu du bigarren urtez jarraian, iaz izan zuen arrakasta ikusita. Parte hartzeko honako pausuak jarraitu beharko dira:

  • Instagramen Elgoibarko Gaztelekua (elgoibarkogaztelekua) jarraitu.
  • Juan Muguerza Krosaren LXXVI. edizioaren inguruko argazki bat atera.
  • Argazkia Instagramera igo. Ezinbestekoa da argazkietan Gaztelekua etiketatzea.

Lanak urtarrilaren 20a baino lehen aurkeztu beharko dira eta bi sari banatuko dituzte: orokorra, 150 eurokoa eta publikoarena, 100 eurokoa. Publikoaren sarirako botoa Gaztelekuan emango da eta argazki guztiekin erakusketa bat egingo dute gero Gaztelekuan bertan.

2019 01 12 mugertza krosa marrazki lehiaketa elgoibar saritutako lanak