Hellen Obiri eta Rhonex Kipruto nagusitasunez gailendu dira 76. Mugertza Krosean

Barren.eus 2019ko urt. 13a, 20:06

Mila antxitxikaritik gora lehiatu dira gaur goizean Mintxetako zirkuituan jokatu diren hamar lasterketetan. Emakumezkoen lasterketa nagusian erakustaldia eman du Hellen Obiri keniarrak eta beste horrenbeste egin du gizonezkoenean Rhonex Kipruto herrikideak. Aurkariak baino gehiago izan dira, alde handiarekin.

Eguraldia lagun, -lainotuta baina ateri eutsi dio- hamar kros lasterketaz gozatu dute 76. Mugertza krosa zuzenean ikustera Mintxetako gunera igo diren zaleek. Emakumezkoen lasterketa nagusian afrikarrak ziren faborito nagusiak eta halaxe berretsi dute Mintxetako zirkuituan. Egoera onean zegoen ibildidea, antzik ere ez iazko ibilbide lokaztuarekin. Afrikarrek Mintxetako pistako lehen zuzengunean hartu dute aurrea eta erritmo bizia jarri dute hasieratik. Laukoteak (Obiri, Chepkoech, Chesang eta Can) hartu du lasterketa burua eta Lily Partridge ingelesak bakarrik eutsi die, denbora laburrean izan bada ere. Bigarren erritmo aldaketa bortitzagoa izan da. Hellen Obirik (Kenya, 1989) erraztasun harrigarriaz laga ditu atzean Chepkoech, Chesang eta Can, eta indartsu egin du aurrera jarraitzaileekiko aldea handituz. Obirik nagusitasunez irabazi du proba. Atleta honek zilarrezko domina lortu zuen Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan eta bera izan zen azkarrena iaz 5.000 metroko probetan. Distantzia horretan Munduko txapelduna ere bada. Stella Chesang (Uganda, 1996) ailegatu da bigarren postuan helmuga marrara eta Beatrice Chepkoechek (Kenya, 1991) izan da hirugarren. Obiri irabazleak moduan, Chepkoechek Diamond League txapelketa irabazi zuen iaz, eta gainera 3.000 metro oztopo-lasterketako munduko errekorra ezarri zuen 2018ko udan. Gaur hirugarren postuarekin konformatu behar izan du, Mugertza krosak emakumezkoen lasterketan izan duen maila handiaren erakusgarri.

•Rhonex Kiprutoren erakustaldia

Gizonezkoen proban 20 urteren bueltan dabiltzan hiru saltakari gazte ziren faboritoak eta aurreikuspenak bete dituzte. Hiruretan indartsuena, baina, Rhonex Kipruto (Kenya, 1999) izan da, nagusitasunez. Iazko irabazle Selemon Barega saiatu da garaipena errepikatzen, egun batzuk egin ditu Elgoibarren eta igartzen zitzaion garaipena lortzeko gogoa zuela. Tropeletik tiraka aritu da lehen metroetan, baina Rhonex Kiprutok bere legea ezarri du, hala nahi izan duenean. Bakarrik gurutzatu du helmuga marra eta hogei segundoko aldea atera dio Baregari. Kiprutok 20 urtez azpikoen munduko txapelketa irabazi zuen 2018an, 10.000 metroko proban eta Afrikako Kros Txapelketa ere irabazi zuen. Stanley Waithaka (Kenya 2000) sailkatu da hirugarren postuan. Sasoi betean ailegatu da Elgoibarrera Waithaka, Errege Egunean Zornotzako Nazioarteko Krosa irabazi baitzuen, baina gaur zituen aurkariak ez ziren edonolakoak. Bi urtean behin jokatzen den Munduko Kros Txapelketa jokatuko da aurten, martxoaren 30an, Danimarkako Aarhus hirian. Adi egon beharko da gaur Elgoibarren protagonista izan diren antxitxikariak zer egiteko gai diren ikusteko.

Atleta Ingelesak nagusi Mamo Wolde sarian
Mamo Wolde Sariaren 17. edizioan saltakari ingelesak gailendu dira. Emakumezkoetan garaipen argia lortu du Amelia Samuelsek. Helmugan 11 segundoko aldea atera dio Holly Page herrikideari, Ingalaterrako selekzioko kideak biak. Claire Palou frantziarra sailkatu da hirugarren postuan. Gizonezkoetan ere atleta ingeles batek irabazi du Wolde saria, Zakariya Mahamedek. Eulan Brennan ingelesak egin du bigarren eta Arthur Gervais frantziarrak hirugarren.

 2019 01 13 mugertza krosa elgoibar mintxeta barren

2019 01 13 mugertza krosa elgoibar mintxeta hellen obiri barren

2019 01 13 mugertza krosa elgoibar mintxeta gizonezkoak barren

Lotura duten albisteak: