Lau Nazioen eskubaloi txapelketa jokatuko dute IMH kiroldegi berrian

Barren.eus 2015ko mai. 20a, 12:34

Eskubaloiko emakumezkoen euskal selekzioak VIII. Emakumezkoen Lau Nazioen Torneoa jokatuko du, ekainaren 6an eta 7an, Elgoibarko IMH kiroldegian. Hortaz, kiroldegi berriaren inaugurazioa izango da. Galizia, Katalunia eta Valentziako selekzioekin neurtuko dituzte indarrak jokalari euskaldunek. Partida hau jokatzeko Oihane Gomez atezain elgoibartarra deitu du Euskadiko hautatzaile Imanol Alvarezek.

IMH kiroldegian aurkeztu dute gaur eguerdian Emakumezkoen Lau Nazioen Eskubaloi Txapelketa. Txapelketak bi finalerdi eta finala izango ditu eta euskal selekzioarekin batera, Katalunia, Galizia eta Valentziakoek ere parte hartuko dute. Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak nabarmendu duenez, gaurkoa ez da IMH kiroldegia inauguratzeko ekitaldia izan. “Ikus daitekeenez bukatu gabe dago-eta oraindik. Alabaina, leku egokia iruditu zaigu torneoa aurkezteko”. Eskubaloi torneo honekin inauguratuko dute, hain zuzen ere, IMH kiroldegia, ekainaren 6an eta 7an. Azkue auzoan eraiki dute kiroldegi berria, IMH ikastetxearen eta Makina Erremintaren Museoaren artean. 400 lagunentzako lekua du harmailetan, baina eserlekuen gainaldean zutik ere egon ahal izango dute ikusleek. Herriko eskubaloi eta areto futbol taldeek erabiliko dute bereziki IMH kiroldegia.

• Kirol-maila ziurtatuta

Emakumezkoen eskubaloi torneoari dagokionez, kirol-maila ziurtatuta dagoela esan du Jose Manuel Ruiz Euskadiko eskubaloi federazioko presidenteak. “Zortzigarren edizio hau Katalunian jokatu behar genuen, iaz Basaurin jokatu baitzen. Kataluniako federaziokoek, baina, antolatu ahal izateko zailtasunak zituztela jakinarazi ziguten eta Elgoibarren jokatuko da azkenean, kiroldegi berrian gainera”. 

Euskadiko selekzioko hautatzaile Imanol Alvarezek prentsaurrekoan esan duenez, orain arteko selekziorik “konpletoena” da Elgoibarren ikusi ahal izango duguna. “Kubako selekzioaren aurka jokatu ditugun partidetan erakutsi dugun mailari eustea da gure asmoa” nabarmendu du. Hautatutako jokalarien zerrenda ere eman du ezagutzera hautatzaileak eta jokalari elgoibartar bat dago tartean, Lauko Elgoibar taldeko atezaina den Oihane Gomez, hain justu ere.

Partiden ordutegia

Ekainaren 6an jokatuko dira finalerdiak. Galiziako eta Valentziako selekzioek jokatuko dute lehen finalerdia, 17:00etan. Bigarren finalerdian Euskadiko eta Kataluniako selekzioek jokatuko dute elkarren aurka, 19:00etan. Finala domekan, ekainaren 7an, jokatuko da, 12:30ean. 

Jon Redondo Jaurlaritzako kirol zuzendariak Alfredo Etxeberriak kirolaren alde azken urteetan egindako lana eskertu nahi izan du prentsaurrekoaren amaieran. "Euskadi eta Txileren arteko eskubaloi partida antolatu zuen Elgoibarko Udalak, aizkorako Euskadiko txapelketa, idi-dema txapelketak, Euskal Herriko itzuliko hasierako etapa hartu zuen Elgoibarrek iaz, eta hor dago urtero egiten den Mugertza krosa. Esfortzu handia egin du Etxeberriak kirol jarduera horiek antolatzen".

2015 05 20 launazioentorneoaaurkezpenamahaian3

2015 05 20 launazioentorneoaaurkezpenakanpoaldea

2015 05 20 launazioentorneoaaurkezpena

2015 05 20 launazioentorneoaaurkezpenaimhn1