'Goikoetxe' harri-jasotzaile elgoibartarrak erronka bota dio 'Izeta IV'. zarauztarrari

Barren.eus 2019ko urt. 10a, 20:31

Imanol Albizu Goikoetxe-k erronka bota dio Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ari. Desafioa da hamar minutuko hiru txanda egitea 125 kiloko kubikoarekin. Apirilean izango litzateke saioa Azpeitiko zezen plazan.

Bi harri-jasotzaileak zapatuan elkartuko dira Azpeitiko Mendizabal erretegian erronka formalizatzeko. Apirilean izango litzateke saioa.

Goikoetxek Hiru Erregen Mahaia irratsaioan eginiko adierazpenetan esan du pare bat txapelketatan aritu direla batera Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV'. eta bera, eta maila nahiko antzerakoa dutela. "Kubikoarekin bota diot erronka; bestela, ez luke onartuko. Hodei artista bat da kubikoarekin". Elgetan bizi den harri-jasotzaile elgoibartarrak zarauztarrak esperientzia ere alde duela uste du. Bere estreinako desafioa izango baita eta Hodeik "esperientzia du joko asuntoan". Goikoetxek, baina, desafio bat jokatzeko momentua dela uste du. "Beti eduki dut grina hori eta momentua heldu da. Aspaldian harri-jasotzaileen arteko apustu gutxi egiten dira gainera".
Batak zein besteak apustu gogorra dela aitortu dute.

 • 'Goikoetxe'-k hirugarren egin zuen Gabonetako harri-jasotze Kopan
Gabonetako harri-jasotze txapelketako finala jokatu zuten abenduaren 31n Asteasun. Ondarroako harrijasotzaile Inhar Unanue gailendu zen 90 jasoaldi eginda. Aizarnazabalgo Xabier Peñagarikanok eskuratu zuen bigarren postua, 87 jasoaldirekin, eta Imanol Albizu Goikoetxe elgoibartarra sailkatu zen hirugarren postuan 82 jasoaldirekin. Ehun kiloko hiru harrirekin aritu ziren lehian: zilindro zaharra, kubikoa, eta bola. Hiru minutuko txandak egin zituzten harri bakoitzarekin.