Hogei lagun saritu dituzte Kirol Federatuaren Urteko Sarietan urtean zehar egiten duten lanaren errekonozimendu gisa

Barren.eus 2018ko abe. 19a, 21:43

Elgoibarko Kirol Federatuen Urteko Sariak banatu dituzte musika eskolako auditoriumean egin duten sari banaketa ekitaldian. 2018. urtean nabarmendu diren kirolari, entrenatzaile, laguntzaile, zuzendaritzako kide edo babesleak saritu dituzte, hogei lagun denera.

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak urtero antolatzen duen Elgoibarko Kirol Federatuen Urteko Sarietan, herriko 17 kirol klubek beste horrenbeste sari banatu dituzte, eta beste hiru sari berezi banatu ditu Udal Kirol Patronatuak, Maider Mantecon zaldunari, Antonio Azpiazu Lagunak Pilota Eskolako presidenteari eta Leire Garate arraunlariari.

Ekitaldi hasieran lidergoaz eta kudeaketaz berbetan arituko dira lau gonbidatu: Gurutz Aginagalde (Irungo C.D. Bidasoa eskubaloi taldeko lehendakaria eta jokalari ohia), Guruzne Azpiroz (San Juan-Koxtaperen emakumeen traineruaren entrenatzaile berria), Patricia Maraña (Real Sociedad belar hockey taldeko kapitaina) eta Andoni Azkagorta (S.D. Eibar futbol taldeko entrenatzailearen laguntzailea). Bata bestearekin zerikusirik ez daukaten kiroletan aritu arren, kirol talde guztietan beharrezkoa den lidergoaz hainbat argibide eman dituzte lau euskal kirolariek, euren testigantzak eta bizipenak kontatuz. Kirol kudeatzaile asko zeuden publikoan eta ziur gaur entzundako ideiaren bat edo beste aintzat hartuko dutela, edo praktikara eraman beharbada.

•Europako Kirol Herriaren bandera
Saritu guztiek elkarrekin atera dute argazkia ekitaldiaren amaieran, eta une horretarako Bruselatik ekarritako bandera atera du Elgoibarko alkate Ane Beitiak, Elgoibarri 2019ko Europako Kirolaren Herria izendapena aitortzen dion bandera, hain zuzen ere. Elgoibarrek izendapena lortu badu, eurei esker izan dela esan die Beitiak aretoan bildutakoei.

2018 12 19 kirol sariak elgoibar mahai ingurua barren

 • Aurreko urteetako sarituak