Iker Arrillaga atezain elgoibartarra fitxatu du C.D. Elgoibarrek

Barren.eus 2018ko abe. 19a, 14:17

Iker Arrillaga (Elgoibar, 1986) atezaina fitxatu du C.D. Elgoibarrek Haundin jokatzeko. Arrillaga esperientzia handiko atezaina dela nabarmendu dute klubeko arduradunek.

Iker Arrillaga Bigarren B Mailan eta Hirugarren Mailan partida asko jokatu dituen esperientzia handiko atezaina dela nabarmendu dute C.D. Elgoibarreko arduradunek. Barakaldo eta Lemona taldeetan jokatu du, besteak beste. 2006an fitxatu zuen Barakaldok, baina Bizkaiko taldean denboraldi bat egin eta gero Elgoibarrera itzuli zen berriro. 2010ean Lemona taldeak fitxatu zuen eta 2011n bigarren aroa hasi zuen Barakaldo CF taldean. 2012ra arte jokatu zuen han. C.D. Elgoibarreko arduradunen berbetan Haundiri laguntzeko ilusio eta gogo handiz itzuli da Arrillaga.

Haundik beheko postuetatik irteteko partida garrantzitsua jokatuko du domekan (11:30) etxetik kanpo, Hondarribiaren aurka Ondartza futbol zelaian. Sailkapenean azken aurreko hirugarren postuan daude elgoibartarrak, 13 punturekin; eta, azkenak dira hondarbitarrak, 8 punturekin.